EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du Hondarribiko alarde mistoak ibilbidea aldatzearen kontra jarritako helegitea. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak galarazi egin die ohiko bideko kale batzuetatik pasatzea, segurtasuna arriskuan egon daitekeela argudiatuta. Erabakiaren aurka egin zuen Jaizkibel konpainiak, baina auzitegiak ez die arrazoi eman. Bihar dituzte hastekoak entseguak, eta ezingo dute San Pedro kaletik igaro. Alardearen egunean, datorren ostegunean, ezingo dute Harresilanda kaletik, Gernikako Arbola parkearen ondotik, pasatu.
Auzitegiak autoan dio Herrizaingo Sailak ez duela urratu Jaizkibel konpainiaren eskubiderik: "Ez dute debekatu ekitaldia, eta ezarritako aldaketak ezin daitezke funtsezkotzat jo". Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak ere hori bera esana du, "une jakin bateko" aldaketak direla.
Epaia ez da irmoa. Autoaren aurkako helegitea jartzeko aukera du Jaizkibelek.