Gaur goizaldera Hondarribian izan den leherketa nahita eragindakoa izan dela esan du Gipuzkoako herri horretako alkateak, Aitor Kerejetak, ia segurtasun osoa duela. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak adierazi du leherketa ez dela gasagatik izan behintzat.
Goizaldeko seietan gertatu da leherketa hori, herriko parte zaharrean. Hasieran gas leherketa bat izan dela zabaldu da, baina alkateak ezeztatu egin du. Ez du zehaztasun gehiago eman, ordea. Ertzaintzak ere ez du bestelako daturik eman oraingoz.
Ubilla kaleko etxe bateko bigarren solairuan gertatu da leherketa. Su ere hartu du etxeak, leherketaren ondorioz, baina suhiltzaileek mendean hartu dute laster.
Leherketaren eta sutearen ondorioz, etxearen aurreko aldeko hormaren zati bat jausi ere egin da. Etxearen aldameneko bizitzak hustu egin dituzte badaezpada ere, baina ez da inor zauritu. Berrogeita hamar bat pertsona atera dituzte etxetik.
Duela urte gutxi berritu zuten orain leherketa gertatu den etxea, eta salgai zegoen.