Sorosleen lanaldia amaitu berri zela jo zuen uretara 24 urteko gizon batek herenegun arratsean Angeluko hondartzan, Lapurdin. Artean alde egiteko zeuden sorosle batzuk, eta, larrialdi deia jasota, gizona ateratzen ahalegindu ziren. Alferrik. Atzo ere eguna eman zuten bila, baina ez da arrastorik. Dagoeneko 11 badira Euskal Herriko hondartzetan aurten hildakoak. Gehienak, soroslerik ez zen lekuetan eta garaietan. Gurutze Gorriak eman du datua eta egin du oharra: Gipuzkoan uretan bost lagun hil dira, eta lau, inguruan soroslerik ez zegoenean.
Zurriola hondartzan, Donostian, egoera horren adibide argia izan dute aurten. Bi pertsona hil ziren ekainean. «Goizaldean, orduz kanpo zendu ziren biak, gu hondartzara heldu baino lehen». Jon Albizuk, Gurutze Gorriko kide eta Zurriolako sorosle arduradunak, nabarmendu du kanpotarrak zirela hildakoak eta ez zutela hondartza horren berri.
Gazteak ziren Zurriolan hilak: 23 urte zituen batek, eta 27 besteak. Hil diren guztien artean ere adin baxua da bistakoa: 30 urte baino gutxiago zituzten hildakoetatik bostek. Horren atzean zehatz zer dagoen, zalantzak ditu Albizuk: «Ez dakit gazteen ausardia den, edo ez ote dituzten beren mugak ezagutzen. Hondartzan gazte jendea soilik ez, adinekoak ere atera behar izaten ditugu».
Badira oraindik ere sorosleen hitza aintzat hartzen ez dutenak. «Badago jendea arriskuez ohartzen dena, baina beste batzuek axolagabe jokatzen dute: ez dute bandera begiratu ere egiten». Eta okerragoak ere bai, aurre egiten dutenak: «Gutxiengoa dira, baina badira zer egin behar duten esatea gustatzen ez zaienetakoak».
Horiek hala, jendearen axolagabekeriak soilik eragin ote ditu hainbeste hildako hondartzetan? Egoera diferentea dela aitortu du Albizuk: «Aurreko urteetan baino nahasiago dago itsasoa. Ez dago harea gune handirik, bainurako eremu gisa jartzeko. Lehendik dauden korronteek indar gehiago hartzen dute, eta gehiago tiratzen dute itsasoaren barruko aldera».
Korronteetatik ihesean
Zurriolan eta beste hainbat hondartzatan batez ere korronteek eragiten dituzte ezbeharrak. «Jendea korrontetik ateratzen saiatzen da, nekatu egiten da, eta orduan gertatzen dira arazoak». Horrelakoak gertatzen direnean, presaka joaten dira sorosleak ezinean dagoena uretatik ateratzera. «Ez dugu itxaroten pertsona gaizki egon arte», esan du Albizuk.
Oker jokatzen du jendeak horrelakoetan, soroslearen hitzetan: «Bainuzaleak ikusten duenean korrontean sartu dela eta ezin duela atera, joera izaten du kontrako norabidean igerian hasteko. Hori da arazo nagusia». Korrontearen aurka egitea hutsala dela nabarmendu du, nekatu egiten dela bat, eta ez duela lortzen handik ateratzea. «Hondartzarekin ahaztu egin behar da. Harekiko paraleloan jarri, eta horrela saiatu behar da korrontetik ateratzen. Hori lortuta hasi behar da hondartzarako bidea egiten».
Giltzarri bat dago gisa horretako ezbeharrak saihesteko, Albizuren esanetan: bakoitzak ezagutzea bere ahalmenak eta mugak. «Itsasoa bare-bare dagoenean ere badaude arriskuak. Igeri egitera joan aurrera, eta bueltan etortzeko ezinean geratzea nekeak jota».
Hil direnen kopurua handia bada ere, Gipuzkoako Gurutze Gorriko arduradunek gogorarazi dute zer-nola gertatu diren ezbeharrak. Herrialde horretan zendu dira erdiak, eta gehienak, uretan hildako bostetik lau, garai eta leku desegokian ari ziren bainua hartzen. Sorosleak dauden guneetan eta aldietan ibiltzeko eskatu dute, eta egiteko haien esana.
Hildakoen zerrenda beltzean bitan ageri bada ere, datuak eskuan, Zurriolako arduradunak berretsi du aurten ez dela ari izaten besteetan baino gorabehera gehiago. «Erreskateei dagokienez, aurreko datuen paretsukoak ditugu», esan du. Eta bestelako jardunetan ere paretsu dira: «Marmokekin pare bat egun gorabeheratsu izan ziren uztailean, baina ordutik ez dugu gertakaririk izan».
Hondartzetan 11 lagun zendu dira urte hasieratik, gehienak soroslerik gabeko inguruetan
24 urteko gizon baten bila ari dira Angelun; sorosleak joan ondoren sartu zen hondartzan, eta falta da harrezkero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu