Ertzaintzak jaurtikitako pilotakada baten ondorioz hildako Iñigo Cabacasen senitartekoen abokatu eta lagunek "positibotzat" jo dute joan den astean Bruselan gomazko piloten inguruan egindako jardunaldia. Jone Goirizelaia abokatuak esan duenez, jardunaldi hartako ondorio nagusia izan da gomazko piloten erabilera arbuiatzea, "hilgarriak direlako, Cabacasen auziak frogatu duen moduan".
Han egindako harremanen ondorioz, hainbat lan esparru zabaldu zaizkie. Esaterako, kontaktua egin dute nazioartean gomazko piloten ondorioen gaia jorratzen duen Omega Research Fundation izenekoarekin. Fundazioak interes handiz jaso du auziaren inguruko informazioa. Urtean batzar pare bat egin ohi du fundazioak, eta horietako bat Euskal Herrian egiteko interesa agertu du, Cabacas auziaren berri gertuagotik izateko.
Beste aldetik, EH Bilduko Josu Juaristi europarlamentariak auziari buruzko galdera egingo du Europako Batzordean —galdera Izaskun Bilbao EAJren europarlamentariaren bidez ere egiteko aukera aztertzen ari dira—, eta gaia eramango dute askatasun eta giza eskubideen inguruko gaiak jorratzen dituen Europako Batasuneko batzordera ere.
Iñigo Cabacasen kasua Eusko Jaurlaritzaren Memoriaren Udal Mapetan sartu izanaz, Irma Orozko abokatu eta Cabacasen senitartekoak esan du "aurrerapauso txikia" dela, baina ez dela "nahikoa", Udal Mapetan sartzeak ez dakarrelako auziaren inguruko onarpen ofizialik. Euren helburuak "justizia, egia, ordaina eta berriro ez gertatzeko bermeak" direla esan du, eta, alde horretatik, erantsi du auzia "horrelakorik berriro ez gertatzeko bermeen porrota" dela, euren ustez horretarako neurririk ez baitu hartu Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak.