Santiago Cerverak gertatutakoaren inguruan bere iritzia eman du gaur goizean bere blogean. Azaldu du orain dela egun batzuk mezu elektroniko anonimo bat jaso zuela, Iruñeko leku batean zenbait agiri garrantzitsu jasotzera gonbita egiten ziona. Eskaintzari uko egin ziola dio Cerverak, baina benetakoa ote zen jakiteko joan zela esan zioten lekura. Gertatutakoa ez zuela sekula imaginatuko dio.
Lekura azaldu eta agiriak han zeudela ikusi zuen. Eskuetan hartu eta segituan Guardia Zibila agertu zela dio, bera identifikatu, eta guardiako epailearen aurrera eraman. "Nire bertsioa entzun eta aske utzi ninduen", dio PPko parlamentariak. Cerverak aitortu du ez zuela zuhur jokatu, eta horren dituen ondorioez berehala jabetu zela. "Kontu honek adar politikoak eta juridikoak ditu".
PPri eragin dion kaltea sentitzen duela esan du, eta guztia "argitzeko" ahal duen guztia egingo duela. "Nire ibilbide publikoan beti izan dut jarrera zuzena". Gainera, Nafarroako Kutxan gertatutakoarekin "oso kritiko" dela azpimarratu du, eta uda aurretik zenbait kontuk fiskaltzaren arreta merezi zutela argitaratu zuela egunkari bateko zutabe batean.