ETAk 2007rako Huelvako espetxeko (Espainia) euskal preso batzuen ihesa prestatu zuen ustezko planarekin lotuta Joana Orta hiriko bizilaguna (61 urte) ere atzeman zuen Guardia Zibilak larunbatean, baina egunaren bukaeran utzi zuten libre, kargurik gabe. Presoen elkartasun taldeko kidea da Orta, eta Pedro Rodriguez Huelvako alkate eta PPko kideak haren "gizatasun balioa" goraipatu du gaur. "Aspalditik ezagutzen dut, eta mugimendu ekologistan eta giza taldeetan lan asko egindakoa da".
Alkateak adierazi du ez dakiela Ortak loturarik baduen euskal presoen senideekin, baina atxiloketarekin ez dela harritu azpimarratu du, "pertsona noblea delako, giza keinu asko egin izan dituena".
Ana Paz da ostiralean atxilotu zutenetako bat, eta Ortak etxean hartzen zuen, Paz Huelvako kartzelara Gorka Garcia Sertutxa preso eta bikotekidea bisitatzera joaten zenean.
Iñaki Goioagak, Ana Pazek eta Inge Urrutiak atxilotuta segitzen dute
Ortaz eta Pazez gain, Guardia Zibilak Iñaki Goioaga abokatua eta Inge Urrutia ere atxilotu zituen, eta hirurak inkomunikatuta dauzka. Goioaga Munitibarren (Bizkaia) atzeman zuten, Urrutia Getxon (Bizkaia) eta Paz Huelvako espetxean.
Halaber, Garcia Sertutxa (Getxo, 1968), Arkaitz Goikoetxea Basabe (Getxo, 1980) eta Igor Solana (Bilbo, 1974) presoak ere atxilotu zituen Guardia Zibilak, eta haien ziegak miatu zituzten. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak dio ez duela haien berririk. Goikoetxea lehen Huelvan eduki zuten eta maiatzetik Valdemoron (Espainia) dago. Solana ere lehen Huelvako espetxean egon zen preso, eta joan den otsailetik Valentzian (Herrialde Katalanak) daukate.
Sei atxilotuak bihar eramango dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalera, epailearen aurrera.
Iazko maiatzean Bordelen (Frantzia) Francisco Javier Lopez Peña Thierry ETAko ustezko buruzagia atxilotu eta gero hasi zen Guardia Zibila balizko ihesa ikertzen, hark ustez horri buruzko paperak zituela-eta. Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak zuzendu du operazioa.
Guardia Zibilak dioenez, Goikoetxeak prestatu zuen plana, 2007an, Bizkaia komandoko kidea zela, eta asmoa Huelvako kartzelako presoak bahitutako helikopteroz Portugalera eramatea zen.
Espetxe hartan 1.600 preso daude, eta haietatik hamalau dira euskal presoak.
Atxiloketak
Huelvako alkateak euskal presoen elkartasun taldeko bizilagunaren "gizatasun balioa" goraipatu du
Pedro Rodriguez auzapez eta PPko kideak adierazi du "pertsona noblea" dela Joana Orta atxilotua. Ostiralean atzeman zuen Guardia Zibilak, ETAk 2007rako Espainiako hiri hartako espetxeko euskal preso batzuen ihesa prestatu zuen ustezko planarekin lotuta; libre utzi zuen egun berean. Beste sei atxilotuak bihar eramango dituzte epailearen aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu