Wikileaks atariak Venezuelako Gobernuari buruzko zenbait informazio zabalduko du gaur eguerdian, baina jada El País egunkariak aurreratu duenez, horietako batean Hugo Chavezek ETAko hiru kideri ihes egiten lagundu ziela jasotzen da. Jorge Dezcallar Espainiako inteligentzia zerbitzuko zuzendari ohiaren salaketa jaso du Wikileaksek. Jose Maria Aznar Espainiako presidente zen garaian zen CNIko zuzendari Dezcallar, eta ETAko zenbait kide entregatzeko ofizialki eskatzera Hugo Chavezekin biltzera joan zenean, Venezuelako presidenteak bere bulegoan hainbat orduz zain izan zuela dio, eta tarte horretan ETAko hiru kide "desagertu" zirela.
Adierazpen horiek 2008an egin zizkion Dezcallarrek Condoleezza Rice AEBetako Estatu idazkariari, Washingtonen Espainiako enbaxadore izendatu berri zutela, eta Wikileaksen jaso duen informazioa urte horretako irailaren 19koa da. Bere hitzetan CNIk ETAko sei kide lokalizatuta zituen, baina horietako hiru Dezcallar Chavezen bulegoan zain egon zen tarte horretan "desagertu" ondoren, soilik hiru entregatu zituen Venezuelak: Victor Galarza, Sebastian Etxaniz eta Jose Ramon Foruria. Dezcallarren salaketaren arabera, Venezuelako funtzionariek ETAko beste hiru kideak ohartarazi zituzten eta ihes egin zuten.
Wikileaks
Hugo Chavezek ETAko hiru kideri ihes egiten lagundu zien, Aznarren garaiko CNIko zuzendariaren arabera
Wikileaks atariak jaso duenaren arabera, Venezuelako presidenteak hainbat ordutan izan zuen Jorge Dezcallar bere bulegoan zain, eta bitarte horretan hiru etakide "desagertu" egin zirela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu