1) Astelehena. Greziak erreskateko diruaren indarrean jarri nahi dituen erreformen lehen zerrenda bat aurkeztu beharko du, "oraingo programan oinarrituta". Ustelkeriaren eta zerga-iruzurraren aurkako neurriak hartu beharko ditu, eta "sektore publikoaren eraginkortasuna hobetzeko" neurriak ere bai.
2) Apirilaren amaiera. Euroguneko kideek lehen zerrenda hori ontzat joz gero, baldintzei buruzko negoziazio sakonagoak hasiko dituzte Greziak eta euroguneko beste kideek. Tarte horretan, Atenasek agindu du ez duela alde bakarreko neurririk hartuko eta, "bere finantza egoera alda dezakeen" edozein erabaki hartu aurretik, Eurotaldearen baimena lortu beharko duela. Kolokan dira, beraz, Alexis Tsiprasek gobernuburu gisa egindako hainbat promesa, besteak beste, gutxieneko soldatak eta pentsio txikiak igotzeko, pribatizazioak geratzeko eta etxegabetzeak debekatzeko aginduak. Apirilaren amaierarako, erreskaterako baldintzak bete direla uste badute, orduan jasoko du Greziak bigarren erreskatearen azken zatia, 7.200 milioi eurorena. Izenez agian ez, baina izatez troikaren erabakia ere izango da, NDFk eta EBZk ere beren iritzia eman behar dutelako.
3) Ekainaren amaiera. Ekainerako amaituko da Greziaren bigarren erreskatearen luzapena. Ordurako, Greziaren hurrengo urteotako finantzaketa beharrak betetzeko akordio bat lortu beharko dute. Hirugarren erreskate bat, funtsean, nahiz eta, Greziaren arrisku saria asko jaisten bada, agian ez den beharrezkoa izango diru gehiago jartzea.