Berdinketa zegoen aurreikusita: hau da, EAJ, EA, EBko legebiltzarkideek zein UAko ordezkaribakar Enriqueta Benitok aurrekontuen alde bozkatuko zutela, eta oposizioko gainerako alderdiek (PSE-EE, PP eta SA) kontra; beraz, 37 legebiltzarkide alde, eta 37 legebiltzarkide aurka.
Azkenean, ordea, PSE-EEko legebiltzarkide batek, Irene Novalesek, ez du botorik eman eta 37-36 izan da bozketaren emaitza. Rodolfo Ares PSEko legebiltzarkideen bozeramaileak azaldu duenez, Novalesi huts egin dio botoa emateko tresna elektronikoak, eta horregatik bozketa errepikatzeko eskatu du. "Behin eta berriro saiatu da botoa ematen, baina sistema elektronikoak ez zion uzten. Baina botoa ematea benetan eragotzi diona Atutxa Legebiltzarreko presidentea izan da", nabarmendu du. Funtsean, "iruzur elektronikoa" gertatu dela salatu du Aresek.
Atutxak, ordea, ez du aintzat hartu sozialisten kexua. Aurretik izan diren bozketetan Novalesek botoa normal eman duela agertu du, eta, beraz, ez dela hutsegite teknikorik gertatu. Aitzitik, parlamentariaren beraren akatsa izan dela esan du Eusko Legebiltzarreko presidenteak, eta araudian ez dela aurreikusten horrelako hutsegite baten ondorioz bozketa errepikatzea.
Une batean, eztabaida handia izan da Atutxaren eta sozialisten bozeramailearen artean.
Baina sozialistak ez ezik, SAko legebiltzarkide Rakel Peña ere kexu agertu da Atutxaren jarrerarekin. Aurrekontuak horrela onartzea Eusko Legebiltzarrak bizi duen "egoera kafkianoaren" ondorio dela esan du.
Legebiltzarkide guzti-guztiek parte hartu dute bozketan. Gasteizko Parlamentua 75 kidek osatzen dute, baina SAko Josu Urrutikoetxeari kendu egin zioten kargua ETAren ekintza batengatik auzipetuta dagoela. Beraz, egun 74 dira legebiltzarkideak.
Politika
Hutsegite bat tarteko, EAEko aurrekontuak onartu ditu Eusko Legebiltzarrak
Ezustean, Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontu proiektua onartu du Eusko Legebiltzarrak. Izan ere, PSE-EEko parlamentari Irene Novalesek ez du botorik eman, eta, ondorioz, 37 izan dira aurrekontuen aldeko botoak (Jaurlaritzak alderdien ordezkarienak eta UAren bakarra) eta 36 kontrakoak (PSE, PP eta SA). PSEren arabera, botoa emateko tresna elektronikoaren akats batek eragotzi du Novalesek botoa ematea; Legebiltzarreko presidente Juan Mari Atutxaren iduriko, ordea, txartela berandu sartu duelako geratu da botorik eman gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu