Herritarren Zerrendaren baliogabetzearen inguruan, epaileei begiratu beharrean arduradun politikoei begiratu behar zaiela uste du Pernando Barrenak, Espainiako alderdi sozialista "PPren bidea" jarraitzen ari delako. "Martxoaren 14tik aurrera asko entzun da Zapateroren talante berriaz eta antzekoez, baina, talante hori ezerezean gelditzen da, Euskal Herriari dagokionez behintzat". Oinarrizko eskubide zibil eta politikoak urratzear daudela adierazi du, eta eta hori "ikaragarria" dela. Hala ere, Barrenaren iritzian "herri honetan" ohitu egin gara "horrelako kontuetara".
ETAren helburu berak dituelako hinpuganatu zuten HZ, besteak beste, baina, EB-IUko Mikel Aranak esan duenez "ETAren helburu politikoak zilegi dira nahiz eta erabiltzen ditun bideak ez hala izan" horregaiik, ideiengatik ezin dela inor legez kanpo utzi uste du; jarrerarengatik bai. Bere ustez, "erabakia hartuta zegoen aspalditik, eta hori da larriera". Martxoaren 14 Espainiako Gorteetako Hauteskundeak egin zirenetik "botere banaketa" egongo zela uste zuela esan du Aranak, baina ez dela hala izan.
EAko Xabin Intxaurragak uste du"PPk eta PSOEk horrelako ideologia duten zerrendak legez kanpo uzteko erabakia hartuta" daukatela, eta gainera, "indarkeria behin betikoz uzten ez den biartean", halaxe jarraituko dutela uste du, "zoritxarrez". Hori "onartezina" dela esan du ikuspegi demokratikotik.
EAJko Markel Olanoren iritzian, bere garaian "Aznarrek-eta denak ETArekin lotzeko erabakia hartu zuten". Horrek "tamalez" jarraitu egiten duela azpimarratu du, eta"gatazka ez konpontzera eta areagotzera" garama.
PSE-EEko Ramon Etxezarretak, erabakiak justiziak hartzen dituela esan du. "Gertatzen ari denak koherentzia eta logika bat badu, alderdien legeak indarrean jarraitzen duelako". Horrelakorik ez gertatzeko legea kendu beharko litzatekeela uste du, baina, bitartean, joko arauak hauexek direla. "Justiziak erabakitzen du; ez da egokia, baina legea da".
Alderdien legea aplikatzeko Espainiako Gobernuak egin behar du eskaera (Estatuaren abokatuak edo fiskalak) erantzun dio Barrenak Etxezarretari, eta ez diola balio erabakia legearen araberakoa dela esateak, erantzukizun politikoak "izugarriak" direlako. Gainera, eskubide zibil eta politikoak galduta dituzten herritarren kopurua handitzen ari dela azpimarratu du. Zergak ordaintzeko bakarrik izan behar badu "gobernuko parte" desobedientziarako bideetan pentsatzen hasi beharko dela iritzi dio.
Imaz-Lopez bilera
EAJko lehendakari Josu Jon Imazek eta PSE-EEKo idazkari nagusi Patxi Lopezek izandako bileraren inguruan hizketan, Mikel Aranak alderdien arteko bilerak ondo daudela iritzi dio, "sukalde lan hori egiteko", sukaldariak elkar ezagutu eta osagaiez hitzegiteko. Bizitza politikoari normaltasuna ematen dio horrek, Aranaren iritzian. Intxaurrega ere ildo horretatik aritu da, eta garrantzi gehiegi eman gabe, hitz egiten hastea egokia eta normala dela esan du.
Bilerak egitea "beti ondo" dagoen arren, EAJ eta PSOE elkar limurtzen ari direlako "kezkatu" egiten dela esan du Barrenak. Izan ere, bere ustez, EAJ PSE-EErekin akordio bat lortu nahian dabil.
Olanok hori ez dela horrela erantzun dio, eta PSE-EEk izan duen jarrera aldaketa "ez dela gutxi". Orain arte "ez zuten hitz egin nahi, baina orain bai". Bere iritzian, kontaktua eta hartu emana normalak dira, eta ondo daude.
Etxezarretak uste du hiru urtetan egon ez diren elkarrizketak berreskuratzea "oso ona" dela, nahiz eta ez dakien hortik "zer aterako den".
Presoen aldeko Nazioarteko Elkartasunezko Konferentzia
Atzo hasi zen Presoen aldeko Nazioarteko Elkartasunezko Konferentzia, Donostian. "Preso politikoek" Euskal Herriaren konponbide prozesuan "parte-hartzea" izan behar dutela esan du Barrenak, eta historiari erreferentzia eginez, egokiena halaxe egitea litzatekeela gaineratu du, Hegoafrika eta Irlandako adibideak jarriz. Bere ustez, "ukaezina" da hori.
Mikel Arana eta Xabin Intxaurraga ildo beretik aritu dira, eta ez dute uste indarkeria erabili duen bat preso politikoa izan daitekeenik, "konbikzio politikoak izan baditu ere". Intxaurragak Uria jarri du preso politiko bezala ulertzen duenaren adibide gisa. Hala ere, euskal presoen eskubideen inguruko aldarrikapena egin behar dela uste dute. Barrenarekin bat etorri dira prozesuan izan beharko luketen parte-hartzearen inguruan, baina, "biktimek" ere parte hartu beharko luketela gaineratu du.
Olano ere presoen parte hartzearen alde azaldu da, baina, parte hartze hori ez litzateke elkarrizketa politikoetan eman beharko: "Kontu politikoez hitz egiteko ordezkari politikoak daude, gizarteak aukeratu dirtuelako". Horretarako Euskal Herrian egoera "normalizatu" beharra dagoela esan du, bestela Batasunak ez lukeelako lekurik izango.
Barrena ados agertu da "mota ezberdinetako presoak" daudela esaterakoan, eta horregatik, denak 'ETAko presoak' definizioaren azpian ez sartzeko eskatu du. Adibidez, Uriak bere burua preso politikotzat duela esan du, preso politikoen kolektiboan dagoelako, baina ez dutela "ETAkoa izateaz" akusatu. Uria bezala, Udalbiltzakoak, Batasunekoak, Segikoak, Askatasunekoak eta gehiago ere badirela gaineratu du."Ezin da ETAko presoez hain erraz hitzegin kolektibo guztiaz ari garenean".
"Bai presoen eta bai herritar guztien inguruan giza eskubideen araberako erreflexioak etengabea izan beharko luke", Etxezarretaren iritzian. Gainera, zera gaineratu du: "Presoak politikoak direnik ere ez dut ukatuko, konbikzio politikoak sakon sentituta aritu diren jendea direlako, hala ere ezin diot preso politiko izaera onartu hilketa prozesu batean edozein modutara parte hartu duenari".
Politika
HZ baliogabetzea ez dela egokia uste duten arren, arduraduna izendatzerakoan, Intxaurraga, Arana, Olano eta Barrena ez daude ados Etxezarretarekin
Ostiralero bezala, Xabin Intxaurragak (EA), Mikel Aranak (EB-IU), Markel Olanok (EAJ), Ramon Etxezarretak (PSE-EE) eta Pernando Barrenak (Batasuna) hizketaldia egin dute Euskadi Irratian. HZren balizko baliogabetzeaz eta Presoen aldeko Nazioarteko Elkartasunezko Konferentziaz aritu dira, besteak beste, eta desadostasunak izan dituzte, batik bat, euskal presoen izaera politikoaz jardun direnean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu