Hogeita hamar urteotan aldaketa esanguratsuak izan ditu Nafarroako mapa politikoak, baina Espainiako Gorteetarako hauteskundeetako emaitzei eta diputatu banaketari dagokionez, gorabehera handirik ez da izan bozalditik bozaldira: UCD lehengo bi legealdietan nagusitu ondoren desagertu zenetik, UPNren eta PSNren artean banatu dituzte, gehienetan, Nafarroari dagozkion bost diputatuak.
1982an eta 1986an PSN nagusitu zen, eta, geroztik, UPNk eta PPk bat egin zutenetik, beti alderdi eskuindarra izan da lehen indarra. Hiru diputatu izan ditu irabazleak partiketan beste inor sartu ez denean; eta birekin etsi behar izan du, aldiz, hirugarren hautagaitza batek ordezkaria lortu izan duenean, duela lau urte Nafarroa Baik bezala.
Beste bitan bakarrik gertatu zen hori, aurretik: 1986an HBren izenean Iñaki Aldekoa -orain Aralarren hautagaia Araban- diputatu aukeratu zutenean, ezker abertzaleak inoiz baino ordezkaritza handiena lortu zuenean -bost diputatu-; eta 1996an, NEBeko Julian Fernandez aukeratu zutenean, Julio Anguitaren IUren garairik onenean -21 diputatu, guztira-.
Datorren igandean ere banaketarako hirugarren hautagaitza bat onartu beharrean izango dira UPN eta PSN, inkestek eta d'Hont legearen araberako kalkuluek diotenez duela lau urteko banaketa errepikatuko baita: UPNk eta PSNk bina, Nafarroa Baik bat.
Iazko foru hauteskundeetan Nafarroa Bai koalizioak PSNren aurretik bigarren indarra izatea lortu zuela kontuan hartuta, bi diputatu lortzeko aukera izan dezakeela pentsa liteke, baina zenbakiek diote oso zaila izango lukeela, bigarren postuari eutsita ere. Duela lau urteko emaitzetan, 42.300 boto behar izan ziren gutxienez diputatu bat lortzeko, eta 61.000 lortu zituen NaBaik. Bi lortzeko, gutxienez85.000 behar ziren -bigarren indarra izanez gero, beti ere-, eta PSNk 113.900 lortu zituen.
Iazko foru bozetan bigarren indarra izatea lortu zuenean, 77.900 boto bildu zituen NaBaik, bi ordezkari lortzeko ziurrenik beharko den kopurura heldu gabe. Izan ere, datorren igandean iazko bozetakoemaitzak errepikatuko balira, PSNk galduko lukeen diputatua UPNk lortuko luke: hiru diputatu izango lituzke UPNk, eta bana NaBaik eta PSNk. Dena den, inkesta gehienek diote PSNk bigarren postua berreskuratu egingo duela, UPNk iaz kendutako aldea txikitu egingo duela atzera, eta bi jarlekuei eutsi egin diela.
D'Hont legearen araua, Nafarroako datorren igandeko aurreikuspenetara ekarrita, honela laburbil daiteke: UPNk hirugarren diputatua ez lortzeko, bigarren indarraren boto kopuruaren erdiak UPNren boto kopuruaren herenak baino gehiago izan behar du.
Uxue Barkosen zerrendak bigaren diputatua nekez lortuko badu, are nekezago galduko du orain duena. Horretarako, lehen indarraren botoen herenaren azpitik gelditu beharko luke. UPN iaz bezala 139.000 botora helduko balitz ere, 46.000 boto aski lirateke Nafarroan jarleku bat lortzeko. Eta kopuru horretatik oso gora ibili da Nafarroa Bai hauteskundeetara aurkeztu den bi aldietan.
Azpitik, lehian sartzeko beste alderdirik ez dago. NEB duela lau urte ez zen 20.000 botora heldu, eta iazko bozetan are emaitza txarragoak izan zituen. CDN ez zen inoiz jarlekuen lehian sartu, eta orain aurkeztu ere ez da egin.
Ondorioz, Nafarroako bost diputatuetatik lau zein izango diren ziurtasun handiarekin aurreratu daiteke: UPNko Santiago Cervera eta Carlos Salvador, PSNko Juan Moscoso eta NaBaiko Uxue Barkos. Bosgarrena PSNko Maria Jose Fernandez izango dela diote inkestek, eta, ezustea emanez gero, UPNko Maria Victoria Castillo eta NaBaiko Juan Carlos Longas lirateke hurrengo hautagaiak.
Abstentzio aktiborako deiaren eragina zehatz neurtzerik ez da izango, abstentzio pasiboarekin nahastuko baita, baita azken erreferentziak lagungarri izan daitezke: 2000. urtean EHk abstentziorako deia egin zuenean, ia %34koa izan zen bozkatu ez zutenen proportzioa, lau urte lehenago baino 7,5 puntu gehiago, eta lau urte geroago baino 10gehiago.
Ia dena
NAFARROA ð Bost diputatuak duela lau urte bezala banatuko dituztela diote aurreikuspen guztiek: bina UPNk eta PSNk, eta bat Nafarroa Baik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu