Aurreikuspenen arabera, gero eta gutxiago falta da Euskal Herriko aireportuetan egoera guztiz bere onera etortzeko. Forondan (Araba),Hondarribian (Gipuzkoa) eta Noainen (Nafarroa) ia normal dabiltza azken egunetan, baina Loiun (Bizkaia) eta Miarritzen (Lapurdi) asko dira bertan behera geratu diren hegaldiak, hain zuzen ere, hegaldi horien abialeku edo jomugetan aire trafikoa murriztuta dagoelako. Parisera eta Londresera abiatzen dira bi aireportu horietatik hegaldi asko, eta Frantzian zein Erresuma Batuan indarrean egon diren debekuen ondorioz bertan geratu izan dira azken egunetan.
Frantziak atzo hasi zen aire eremua zabaltzen, eta, horrenbestez, Pariserako hegaldiak hasi dira normaltzen. Erresuma Batuak gaur goizean hartu du erabaki hori, eta hegaldiak hasi dira piskanaka Londresen lurrartzen. Hori dela eta, Loiuko eta Miarritzeko egoera datozen orduetan guztiz bere onera etorriko dela espero da.
Gainerakoan, Danimarkak eta Norvegiak ere aire eremua ireki dute azken orduetan. Alemaniak, Suediak eta Poloniak, ordea, murrizketei eusten die. Alemaniaren kasuan Dresde, Leipzig, Munster eta Erfurteko aireportuak dira itxita jarraitzen dutenak, baina garrantzitsuenak, Frankfurtekoa kasu, irekita daude. Paris, Londres eta Frankfurt bere onera etortzen hasita, Europako aire trafikoa normaltzen hastea espero dute agintariek.
Normaltasuna gero eta hurbilago dago eta gaur %80 inguru hegaldi aterako dira Europan.
IATA Nazioarteko Aire Garraioko Elkarteak gaur adierazi du errauts lainoagatik arloko galerak 1.700 milioi dolarrekoak izan direla eta 1,2 milioi bidaiari kaltetu direla.
Errauts lainoa
Ia hegaldi guztiak aterako dira bihar Europan
Hasi dira hegazkinak Erresuma Batuan lurrartzen. Danimarkak eta Norvegiak aire eremua ireki dute; Alemanian, lau izan ezik, irekita daude aireportuak; Suediak eta Poloniak murrizketei eutsi diete. Nolanahi ere, Bilbotik eta Miarritzetik Londresera joaten dira hegaldi asko, eta, horrenbestez, Erresuma Batuko egoera normaldu ahala bi aireportu horietakoa guztiz bere onera itzultzea espero da. Galerak 1.700 milioi dolarrekoak izan direla esan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu