Ikasleen nazioarteko eguna

IAk mobilizazioetara deitu du, eskubide urraketa salatzeko

Ikasleen Nazioarteko Eguna izanik, mobilizazioetara deitu du gaurko IA Ikasle Abertzaleak, bai unibertsitateetan eta baita ikastetxeetan ere. Ikasleen hainbat eskubide urratzen direla salatu nahi dute, eta Bolognako prozesuak ekarriko dituen "eragin kaltegarriez" ohartarazi. Era berean, Ikasleen Eskubideen Gutunean jasotzen diren zenbait arlo ez direla betetzen gogorarazi nahi dute. Greba deialdiak egin dituzte, eta manifestazioak egingo dituzte.

2005eko azaroaren 17a
12:08
Entzun
Ikastetxeetan oinarrizko eskubide demokratikoak eta hizkuntz zein kultur eskubideak urratzen ari direla salatuko dute. Unibertsitateko ikasleek, bestalde, Europako goi mailako irakaskuntza bateratzeko Bolognako prozesuak ekarriko dituen "kalteak" nabarmenduko dituzte. Hala ere, Euskal Herriko hiriburuetan eta eskualde buruetan egingo diren mobilizazioek ikasle ororen aldarrikapenak uztartuko dituzte.

IAk unibertsitatearen esparruan salatu ohi dituen eskubide urraketez gainera, Bolognako prozesuaren "eragin kaltegarriak" salatuko ditu gaurko ekimenetan. Egoitz Albizu IAko kidearen esanetan, Bolognako prozesuak "ezkutuko interesei" erantzuten diete, eta salatu ohi dituzten eskubideen urraketak areagotuko ditu. "Elite baterako unibertsitatea egin nahi dute", esan du. IAkoaren ustean, Bolognako prozesuak euskaraz ikasteko eskubidea urratuko du, "ingelesak gero eta garrantzi handiagoa hartuko duelako unibertsitatean. Euskal Herriarentzat interesgarriak diren ikerketetan eta ikasketetan ere eragin zuzena izango duela adierazi du. Halaber, Bolognako prozesuak ez du balioko gaur egun urratuak dauden eskubideak berreskuratzeko lanean, Albizuk adierazi duenez. "Prozesua bera nola gauzatzen ari den ikustea baino ez dago, ikasleen parte-hartzea ere ez dutela bermatzen ikusteko".

Ikastetxeetan, Eskubideen Gutunaren alde

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikastetxeetan bi ordutako geldialdiak egingo dituzte, eta denbora horretan Ikasleen Eskubideen Gutunari buruzko gogoetak egingo dituzte. Albizuk esan duenez, oinarrizko eskubide demokratikoen inguruko atzerapausoak zabaltzen ari dira ikastetxeetan: adierazpen askatasuna, greba egiteko eskubidea eta bestelakoak. Era berean, hizkuntz eskubideak eta kultur eskubideak urratzen direla gogorarazi du. "A eta B ereduek ez dute euskalduntzen eta Lanbide Heziketan ezin da euskaraz ikasi".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.