Iñaki Azkuna Bilboko alkatea hil da gaur iluntzean. Minbiziak jota zeramatzan urteak, eta azken hilabeteetan behin baino gehiagotan egon behar izan du ospitaleratuta. Azken astean okerrera egin du haren egoerak, eta joan den ostiralean presazko bilera bat egin zuen EAJk. Haren ordezkoa nor izango den ez dute argitu oraindik.
Udalak eman du alkatearen heriotzaren berri, eta zehaztu duenez, hileta pribatua nahi zuela azaldu zuen hil aurrean alkateak, eta bere gogoa errespetatzeko deia egin dute udaleko ordezkariek. Hurrengo orduetan egingo dute bozeramaileen biltzarra eta osoko bilkura berezia. Astelehenean, Bilboko Santiago katedralean egingo dute hileta ofiziala, 12:00etan.
Durangon (Bizkaia) jaio zen Azkuna 1943ko otsailaren 14an. Medikua zen; besteak beste, Gurutzetako ospitaleko zuzendari izan zen, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu.
1999an iritsi zen Bilboko alkatetzara, EAJk eta EAk egindako koalizioarekin. Gehiengo absoluturik ez, eta Euskal Herritarrok taldearen sostenguarekin hartu zuen alkatetza. Ordutik izan da Bizkaiko hiriburuko alkate. Oraingo legealdian gehiengo osoarekin ari zen agintzen.
Minbiziarekin izan ditu arazoak. 2003an atzeman zioten prostatako minbizia. Ebakuntza ugari egin behar izan dizkiote harrezkero. 2013an nabarmen gutxitu zituen agerraldi publikoak, osasun arazoak ugaritzearekin batera.
Etxean eduki dute azken asteetan. Otsailaren 22an, jatetxe batean otordua egiten ari zela kordea galdu zuen, eta ospitalera eraman zuten. Harrezkero okertzen joan da Azkunaren osasun egoera. Azken egunetan EAJko buruzagiak ari ziren ohartarazten egoera "oso konplikatuan" zegoela. Gaur arratsean hil da.