Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hurrengo errektorea nor izango den hautatzeko eskubidea dute gaur unibertsitatean lan egiten eta ikasten duten 52.236 lagunek, 09:00etan hasita, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako campusetan. Aspaldian egindako hauteskunde lehia estuena izango da. Izan ere, Iñaki Goirizelaia eta Marisol Esteban errektoregaiek antzeko boto kopurua jasoko dutela dirudi.
Azken lau urteotan Juan Ignacio Perez Iglesiasek egindako bidean jarraitzeko eta kudeaketa irizpideak aldatzeko proposamenak lehiatuko dira. Hauteskunde politikoa baino gehiago ideologikoa izango da. Estebanek ildo kontserbadorea ordezkatuko du; EHUko sektore kritiko abertzalearen ustez, «taifen erreinura itzultzea» ekarriko luke Esteban gailentzeak, EHUko kudeaketa ereduari dagokionez. Halaber, Euskararen Plan Gidariaren «erreforma egin beharko» dela esan du Estebanek kanpainan zehar.
Perez Iglesiasek egindako aldaketak onesten dituen sektorea ordezkatuko du Goirizelaiak, aldiz; Euskararen Plan Gidaria bete ez ezik, Euskal Herriko unibertsitateen sarea sendotzen saiatzeko konpromisoa hartu du.
Edonola ere, oso berdinduta daude kinielak. Goirizelaiaren lan taldea orekatuagoa da, eta programa zehatzagoa aurkeztu du. Baina Estebanen sostengua boto neurtuaren sisteman indar handiena (%51) duen sektoretik dator, 1.986 irakasle eta ikertzaile doktore iraunkorrez osatutako taldetik, hain zuzen. Gainerako irakasle eta ikertzaileen (boto neurtuaren %18, 2.989 hautesle) zein administrazio eta zerbitzuko pertsonalaren (boto neurtuaren %11, 1708 hautesle) botoa bi hautagaien artean banatuko litzateke. Bestalde, ikasleen parte-hartzea (boto neurtuaren %20, 45.553 hautesle) txikia izango dela dirudi, baina maiatzeko %3 gainditzea espero dute.
Eztabaida ideologiko eta akademikoaz landa, hainbat gaik makur dezakete balantza alde batera edo bestera. Esaterako, erabakigarriak izan daitezke hautagaitza bakoitzean aurkeztutako errektoreordeek unibertsitate komunitatean eragindako kidetasunak, edo hauteskunde kanpainan zehar errektoregaiek fakultate eta zentro bakoitzean hitzartutako auziak.
Bestalde, errektorea ez ezik, Klaustroko eta ikastegietako batzarretarako ordezkariak ere hautatuko dituzte ikasleek. Halere, boz horien emaitzak ez dituzte gaur jakitera emango.
UNIBERTSITATEA
Iñaki Goirizelaiaren eta Marisol Estebanen arteko lehia estua espero da gaurko EHUko bozetan
Bi hautagaiek antzeko boto kopurua jasoko dutela ematen du. Seietan itxi dituzte hauteslekuak, eta botoak zenbatzen ari dira. 20:30ak inguruan jakingo da emaitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu