Iñaki Petxarromanen analisia: 'Izan zitekeen bestela'

2015eko maiatzaren 18a
15:50
Entzun

Hogeitazortzi gazte atxilotu eta Segikoak izatearen akusaziopean epaitu zituzten, aurreko operazio batean atzemandako beste 40k utzitako hutsunea betetzea leporatuta. Askok torturak salatu zituzten, eta akusazioak tratu txarretan oinarritu zirela ohartarazi. Aurretik atxilotutako 40ak kargugabetuta ere, 28etako zazpiri sei urteko zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak, Espainiako justiziaren aurpegi askotarikoaren, eta, bere behar politikoen arabera neurtzeko duen sistema malguaren seinale.

Herri harresi baten beldurrez, zazpi gazte horiek atxilotzen saiatu zen Ertzaintza —modu irregularrean bada ere— baina hiruk ihes egin zieten. Eta saihestu nahi izan zuten irudia kanpainaren erdian lehertu zaie: milaka lagunek babestuta, hiru gazteak Gasteizko plazara azaldu ziren atzo, herri harresira. Eta, polizia integral bati ei dagokion neurrian erantzun du Ertzaintzak gaur: legea betez. Nahiz eta horretarako, irudi bortitzak eskaini behar izan, Aiala Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Esteban atxilotzeko.

Eta herri honen historiarako beste orri beltz bat idatzi du Ertzaintzak. Zinez, izan zitekeen bestela: esan ziezaiokeen Jaurlaritzak Barne ministroari torturetan oinarritutako epai batekin ez duela kolaboratu nahi, edota akusazioek ez dutela zerikusirik talde armatu bateko kide izatearekin. Izan zitekeen, baina ez da izan. Eta Ertzaintzak integrala izaten jarraituko du, baina, tamalez, integraltasun horrek zerikusi gutxi du zuzentasunarekin, eta are eta gutxiago herri honen uneko behar politikoekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.