LANGILEEN PROTESTAK

Iñaki Prego Bilboko Metroko aholkulari nagusiaren dimisioa eskatu dute sindikatuek

Aholkularia lan gaztazkaren "arduraduna" dela adierazi dute, eta hark langile batzordearekiko erakutsi duen jarrera "deitoragarria" izan dela. Goizeko lanuzteak %85eko erantzuna izan duela jakinarazi dute sindikatuek. 

2012ko urtarrilaren 5a
15:39
Entzun

Iñaki Prego Bilboko Metroko aholkulari nagusiaren dimisioa eskatu dute sindikatuek —ELA, CIM, UGT, LAB eta ESK—. Prego euren lan gaztazkaren "arduraduna" dela adierazi dute, eta hark langile batzordearekiko erakutsi duen jarrera "deitoragarria" izan dela. Zuzendaritza eta klase politikoa "langileriaren kontra" jarri izana egotzi diote Pregori, baita "gizarteari datuak eta informazioa" gorde izana ere. LABek adierazi du "akordioak betetzen dituzten eta langileak errespetuz tratatzen dituzten pertsonak" behar dituztela. 

Hiru orduko lanuztea egin dute gaur goizean Bilboko Metroko langileek, 09:45etik 12:45era. Grebak %85eko erantzuna izan duela adierazi dute sindikatuek. Bi gidari bakarrik bertaratu dira. 

Hilabeteak dira lan gatazka daukatela zuzendaritzarekin, eta Txema Oleaga buru jarrita ere ez dira konpondu arazoak. Areago, sindikatuek ohartarazi dute gatazka «okertu» egin duela zuzendaritzaren azken iragarpenak: 2011ko soldatatik zati bat itzultzeko agindu die beharginei, bere garaian ez zielako ezarri alor publikoko langileen soldata %5 jaisteko erabakia. «Mendekutzat» hartu dute erabakia sindikatuek.

Protestan denbora daramate, eta beste urrats bat egitea proposatuko die langile batzordeak beharginei: hilaren 19an manifestazioa egitea proposatuko die, eta langileei ez ezik beste pertsonei ere joateko aukera ematea. Datorren astean erabakiko dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.