Jende mordoska bat hurbildu da Donostiako Bulebarrera 'Egunkaria'-ko langileek eguerdiko 12:00etarako deitu duten elkarretaratzera. 'Iñaki askatu, Egunkaria aurrera' pankartaren atzean Iñaki Uria 'Egunkaria'-ko kontseilari ordezkariaren argazkia eta iazko otsailaren 20ko operazioan atxilotutako Xabier Alegriaren argazkia ikus zitezkeen. Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendari ohia eta 'Berria'-ko zuzendaria, Juan Mari Torrealdai 'Egunkaria'-ko administrazio kontseiluko lehendakaria, Txema Auzmendi 'Egunkaria'-ko administrazio kontseiluko idazkaria, Amando Hernandez Kultur Parkearen aurkako operazioan atxilotua eta Mikel Arrizabalaga operazio berean atxilotua ere bertan izan dira. Horien artean Iñaki Uriaren gurasoak zeuden.
Kultura, kazetaritza eta politika munduko beste hainbat lagun ere bildu dira elkarretaratzera. Xabier Letona 'Argia'-ko zuzendaria, Kike Amonarriz 'Argia'-ko sustapen arduraduna eta 'Argia' aldizkariko kazetari asko, Inaxio Agirre AuBko kidea, Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' eta Aintzane Ezenarro Aralarreko kideak, Joxe Iriarte 'Bikila' Zutik-eko kidea, Teresa Toda Nazio eztabaidaguneko prentsa arduraduna, Mikel Aramendi eta Sabino Ormazabal kazetariak, Pablo Sastre eta Josu Landa idazleak, Xabier Isasi UEUko zuzendari ohia eta Patxi Lopez Abasolo UEUko zuzendariaren albokoa, Joxe Leon Otaño AEK-ko kidea, Luix Barinagarementeria abokatua, Ramon Agirre aktorea izan dira elkarretaratzean, besteak beste.
Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendari ohi eta 'Berria'-ko zuzendariak hartu du hitza elkarretaratzearen amaieran, eta azpimarratu du ez dutela atsedenik egunkariaren afera argitu arte, itxieraren arduradunek egindakoa judizialki ordaindu arte, torturatu zituztenak akusatuen aulkian ikusi arte eta Iñaki Uria eta Xabier Alegria aske lagatzen dituzten arte. Halaber, urtebete honetan elkartasuna eskaini dieten guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie Otamendik.
Ekitaldia arratsaldean, Kultur Parkean
18:00etan hasiko da ekitaldi hori, eta Juan Mari Torrealdai Egunkaria -ko Administrazio Kontseiluko lehendakaria, Xabier Mendiguren Euskararren Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusia, Gunthel Rautz MIDAS elkarteko idazkaria eta Martxelo Otamendi BERRIA -ko zuzendaria izango dira hizlari.
Urtebete 'Egukaria'-rik gabe
Iñaki Uria aska dezatela eskatu dute Donostian, 'Egunkaria' itxi zutela urte bat bete den egunean
Iñaki Uria 'Egunkaria'-ko kontseilari ordezkaria aske uzteko aldarrikatu dute Donostian egunkari horretako langile ohiek eta babesa ematera hurbildu diren beste hainbat lagunek. Gaur urtebete 'Egunkaria' itxi zuen Guardia Zibilak Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailaren aginduz; halaber, kazeta horretako hamar arduradun eta arduradun ohi atxilotu zituzten. Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendari ohi eta 'Berria'-ko zuzendariak azpimarratu du ez dutela atsedenik egunkariaren afera argitu arte: itxieraren arduradunek egindakoa judizialki ordaitzen duten arte. Halaber, arratsaldeko 18:00etan Andoiango Martin Ugalde Kultur Parkean izango den ekitaldian parte hartzeko deia egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu