Lau puntu ditu EAJko, EAko eta EB-IUko Legebiltzarreko taldeek erregistratutako legez besteko proposamenak. Lehenik eta behin, Iñaki Uria 'Egunkaria'-ko Administrazio Kontseiluko kontseilari ordezkariari behin-behineko askatasuna eskuratzeko jarritako baldintzak "bidegabekoak, neurrigabeak, baztertzaileak eta bete ezinezkoak" direla esaten du. Bigarrenean, baldintza horiek —600.000 euroko bermea zein egunero polizia etxera joan beharra— ez dutela legearen araberako justifikaziorik. "Ez delituaren izaerak, ez Uria jaunaren aurrekariek (ez dauzka), ez justiziaren saihesteko arriskuak, ez Uriaren egoera pertsonalak, patrimonialak, familiarenak, ekonomikoak zein sozialak, ez dute balio Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko Lehen Sekzioaren ebazpena oinarritzeko", dio.
Hirugarrenean, bermepeko askatasunaren baldintzek behin-behinean preso dagoenak betetzeko modukoak izan behar dutela oroitarazi dute, eta horrekin lotuta, bermea Zuzenbideak aurreikusitako edozein modutara ordaintzeko aukera eman behar dela; hots, dirutan zein abalen bidez. Izan ere, Uriari ukatu egin diote abalak erabiliz ordaintzeko aukera.
Azkenik, Espainiako Fislkaltza Nagusiari, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari, Presidentziari, Zigor Aretoko Lehen Sekzioari eta Instrukzio Auzitegi Zentralari galdegin diote Uria aske gera dadin beharrezko diren neurriak hartzeko.
EAJk, EAk eta EB-IUk presazko gisa aurkeztu dute legez besteko proposamena, eta, beraz, litekeena da epe laburrean osoko bilkuran eztabaidatzea.
'Egunkaria auzia'
Iñaki Uriaren askatasuna eskatzeko legez besteko proposamena aurkeztu du Hirukoak Legebiltzarrean
EAJ, EA eta EB-IUk Iñaki Uriaren askatasuna eskatzen duen legez besteko proposamena aurkeztu dute Eusko Legebiltzarreko erregistroan. Espainiako Auzitegi Nazionalak behin-behineko askatasuna eskuratzearen truke Uriari ezarritako bermea (600.000 eurokoa) zein baldintza gogorrak —egunero polizia etxera joan beharra—, "bidegabekoak, neurrigabeak, baztertzaileak eta bete ezinezkoak" direla dio proposamenak. Halaber, Espainiako Fiskaltza Nagusiari zein Auzitegi Nazionalari Uria aske geratzeko beharrezko diren neurriak hartzeko eskatzen dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu