Iaz 105.931 auzibide itxi gabe geratu ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Ebazteke dauden auzi gehienak Bizkaian daude; instrukzioko epaitegiek jasotzen dute auzi berrien %41,85

Erredakzioa
2008ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
2006arekin alderatuta, igo egin zen iaz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako epaitegietan sartutako auzi berrien kopurua, baita ebatzitakoena ere. Hala ere, 105.931 auzi geratu ziren ebazpenik gabe, 2006an baino %0,69 gehiago.

Justizia Administrazioaren Euskal Behatokiak 2007ko jarduerari buruzko txostenean jakinarazi duenez, 343.323 auzi berri sartu ziren iaz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako epaitegietan, 2006an baino 18.461 gehiago. Epaitegiek ebatzi eta itxi zituzten kasuak 338.446 izan ziren, 2006an baino 13.831 gehiago, eta ebazteke zeuden auzien kopuruak ere gora egin zuen: 733 kasu gehiago.

Auzi berri gehien jaso zuten epaitegiak instrukziokoak izan ziren: 143.692 iaz -auzi berrien %41,85-. Epaitegi mistoek 68.285 auzi berri jaso zituzten iaz, eta lehen auzialdiko epaitegiek 51.459. Lehen auzialdiko epaitegiek izan dute kasu berrien hazkunde handiena; 2006an, 43.969 kasu berri jaso zituzten.

Bizkaian, 187.651 auzi berri sartu ziren iaz epaitegietan; Gipuzkoan, 93.080; eta Araban, 50.027. Iazko urtea amaitzerako ebazpenaren zain auzi gehien zuen herrialdea ere Bizkaia zen: 58.271. Epaitegiek oraindik erabaki beharreko auziak 26.701 ziren Gipuzkoan, eta 14.529 Araban. Bizkaian jaitsi egin da auzi berrien, ebatzien eta ebazteke daudenen kopurua, eta Araban eta Gipuzkoan gora egin du.

Genero indarkeriaren auziak

Emakumeen kontrako indarkeriagatik egindako 4.306 salaketa berri izan ziren iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 3.895 ebatzi zituzten epaitegiek. Urte bukaeran, 1.046 genero indarkeria kasu zeuden ebazpen zain, 2006an baino 295 gehiago. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiriburuen artean Gasteiz da mota horretako auzi ebatzi gabe gehien duena eta, batez beste, 2,7 hilabete irauten du prozedurak itxi arte.

2007. urtearen amaieran, 1.412 preso zeuden Basauriko (Bizkaia), Langraizko (Araba) eta Martuteneko (Gipuzkoa) espetxeetan, eta hiru herrialdeetako zentro itxietan 189 adingabe zeuden.



Zirkulazio handiko tarteetan beharrezkoak diren azpiegiturakegiten ari gara»

ENEKO GOIA
Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.