Etxe kaleratzeek nabarmen egin dute behera aurtengo lehen sei hilabeteetan. Hego Euskal Herrian, iazko lehen sei hilabeteetan baino %30 agindu gutxiago eman dituzte, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak jakinarazitako datuen arabera.
Herrialdeen artean desoreka handia agertzen du Nafarroak. Gipuzkoan eta Araban %34 egin dute behera, eta Bizkaian %30, baina Nafarroan %8 bakarrik gutxitu dira.
Kopuruz, hala ere, Bizkaian eta Araban agindu dituzte etxe kaleratze gehienak auzitegiek: Bizkaian 687, Araban 201. Gipuzkoan eta Nafarroan 155na agindu eman dituzte.
Egunez eguneko batez bestekora ekarrita ere nabarmen egin dute behera etxe kaleratzeek. 2008an ia lau agintzen zituzten egunean.
Azkeneko urteetan asko ugaritu dira etxe kaleratzeak, eta 2012an goia jo zuten, egunean 7,74 agindu emateraino.
Aurtengo lehen sei hilabeteetako datuak aintzat hartuta, egunean 6,6 etxe kaleratze agintzen ari dira auzitegiak.
Hipoteka exekuzioen eskariak ere gutxitu egin dira iaztik hona. Iazko lehen sei hilabeteetan 1.030 eskari jaso zituzten auzitegiek; aurten, epe berean, 757 eskari jaso dituzte. Horrek esan nahi du %26,5 gutxitu direla, iazko aldean.
Etxe kaleratzeak agindu aurreko prozedurak dira hipoteka exekuzioak. Hipotekak ordaintzeari uztean, haien jabeak eskatzen du exekuzioa.