1.639,20 hektarea lur erre dira aurten Nafarroan. Iaz, 738,84 hektarea erre ziren, eta 2010ean, berriz, 329,44, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. 2012ko udan, sute kopurua ere handitu egin da. Aurten, 536 sute izan dira, eta iaz, 408. Joan den udan baino %31 gehiago izan dira aurtengoan.
Erretako lur horren %78 lau sute handik eragin zuten; Aras (966 hektarea), Uxue (237 hektarea), Zuñiga (50,77 hektarea) eta Ezkarbarten (24 hektarea) gertatutako suteek.
Sute gehien izan duen hilabetea uztaila izan da, 183 suterekin, 71,70 hektarea erreta; udan erretako lurren %34 hain justu.
Nafarroako Gobernuak adierazi du uda honetan arrazoi meteorologikoen ondoriozizan dela sute arriskua «hain handia». Ekain eta uztail artean, esaterako, 39 egunez izan zen alerta; egun haietan tenperatura historikoak baino hiru gradu gehiago ere egin zituela nabarmendu du gobernuak.
Araskoa handiena
Abuztuaren 21ean su hartu zuen Lizarrerrian lurrak, Aras eta Bargota artean. Nafarroan azken hamar urteetako sute handiena izan zen bertan, eta 966 hektarea erre ziren. Orio herriak (Gipuzkoa) hartzen duen azalera osoaren adina lur.
Kasu horretan arrazoi meteorologikoak zirela medio zabaldu omen zen sua; zehazki, haizeteak lagundu zuen azkar bi norabidetara bideratzen.
Balio ekologiko handiko pinudi bat erre zen sute hartan, baita mahastiak eta laborantzarako lurrak ere. Aras herritik gertu piztu zenez, lehenengo helburua herria babestea izan zen. Aste hartan lau sute izan ziren Euskal Herrian.
Iaz baino %31 sute gehiago izan dira aurten Nafarroan
1.639,20 hektarea erre dira aurtengo udan, aurreko bi udatan erre zirenak batuta baino gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu