Iaz baino ikasle gehiago joan dira euskaraz aritzea helburu duten barnetegietara

HABEk antolatu dituen egonaldietan 268 ikasle aritu dira parte hartzen uztaileko lehen saioan; iaz baino %3 gehiago

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Euskaraz aritzeko eta maila hobetzeko aukera jarri du aurten ere HABEk, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak, udako barnetegien bitartez. Uztaileko lehen hamabostaldian parte hartzen ari direnen datuak eman dituzte: denera 268 ikaslek eman dute izena egonaldirako. Iazko datuekin alderatuta, handitu egin da ikasleen kopurua: %3. Kanpaina berezi bat egin du aurten HABEk euskarazko barnetegiak indartzeko, Uda barnetegiak oporretan zabalik leloarekin. Adierazi du eginahal horren ondorioz hazi dela matrikulazioa.

Egun osoan euskaraz egiteko modua eskaintzen diete barnetegiek ikasleei. Irekiak dira, baina, oro har, euskaldun berriek jotzen du haietara; aurten, 35 urtetik gorakoak dira ia erdiak, eta ikasleak laurdenak. Inguru euskaldunetan egin ohi dituzte egonaldiak: Gipuzkoako Adunan, Lazkaon eta Oñatin; Nafarroako Arantzan, Bakaikun, Lesakan eta Zugarramurdin; eta Bizkaiko Foruan, Muxikan eta Zornotzan.

«Estrategikoa da»

Udako barnetegien garrantzia nabarmendu du Iñaki Uribek, HABEko zuzendariak: «Estrategikoa da oso euskaltegien lana, baina, estrategikoa da, era berean, uda barnetegiek betetzen duten funtzioa ere. Horiek indartzea dagokigu guztioi». Martxan diren urteotan barnetegiek lortutako fruituak jarri ditu mahai gainean Uribek: «Euskaldun berriak sortzeko nahiz erabiltzaileen kopurua areagotzeko egiten duten lana garrantzi handikoa da, eta emaitza oparoak lortu dituzte».

Euskara ikasteko eta hobetzeko gisa horretako ekimenak behar direla uste du HABEko buruak: «Ez dago zalantzarik euskara ikasi nahi duenarentzat euskaraz egitea dela eraginkorrena, baina euskaraz egiteko aukerak izan behar ditu hiztun horrek». Gogorarazi du aukera badagoela oraindik izena emateko aurtengo egonaldietarako, eta parte hartzeko deia egin die euskara gehiago erabili eta hobetu nahi dutenei. «Euskara praktikatzeko aukera da, lagunartean, giro onean eta ondo pasatzeko helburuarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.