ERREFUXIATUAK

Iaz ez zen errefuxiatu estatuturik eman Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Hiru herrialdeetan 163 asilo eskari tramitatu ziren 2015ean; 2014an baino 64 gehiago.

Iheslari ugari Atenasko Helliniko aireportua zenean ezarritako kanpalekuan. SIMELA PANTZARTZI / EFE
2016ko ekainaren 16a
07:29
Entzun

Agerraldia egin du CEAR Euskadi elkarteak 2016ko asilo eskaerei buruzko iazko txostena aurkezteko. Patricia Barcena zuzendariak nabarmendu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 200 leku eskaintzen direla errefuxiatuentzat baina "askoz gehiago" har ditzakeela.

Barcenaren arabera, 132 asilo eskaera tramitatu ziren iaz Bizkaian, hamazazpi Gipuzkoan eta hamalau Araban. Guztira 163 izan ziren, 2014an aurkeztutako 99 eskariak baino 64 gehiago. Eman, ordea, ez zuten errefuxiatu estatutu bat ere eman.

Eskatzaileen artean, gehienak Ukrainatik etorritakoak izan ziren (41), eta, ondoren, Nigeriatik etorritakoak (23). Hamabost txinatarrak dira jatorriz, eta hamalau, venezuelarrak. Horrez gain, CEAR Euskadik 1.420 laguni eman zien laguntza 2015ean.

Asiloari buruzko eskumenak Espainiako Gobernuari dagozkiola gogorarazi du elkarteak, baina euskal instituzioei eskatu die "presio" egin dezatela Europako Batasunak nahiz Espainiak hartutako konpromisoak azkartzeko. Halaber, Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara heltzen diren errefuxiatuei zerbitzu eta baliabide publiko guztietarako sarbidea bermatzeko eskatu du, iritzita prozesu hori "hobetu" daitekeela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.