2013ko sanferminetako txupinazoan ikurrin erraldoi bat jartzea egotzita bost pertsona epaituko ditu Nafarroako Lurralde Auzitegiak: Josu Gracia, Iker Garzia, Natxo Barriuso, Iñigo Ramaio eta Mikel Bladi. Urriaren 8an eta 9an izango dute epaiketa. Auzipetuen ustez, UPNren eraso bat da epaiketa. «Legedi baztertzaileak aintzat hartuta, bestelako araudi eta eredu baten alde modu baketsuan jarduten dutenak zigortu nahi dituzte epaiketarekin. Iruñean dugun salbuespen egoera agerian geldituko da epaiketan», esan du Iker Garziak.
UPN alderdia urduri dagoela uste dute auzipetuek. «UPN jakitun da 2013ko txupinazoan egindako irudimenezko ekintza baketsuak begirune handia sortu zuela Iruñeko zein Nafarroako jendartearengan», azaldu du Garziak. Gertakariak aztertzeko egindako ikerketan egindako DNA frogen eta segurtasun kameren errebisioen kosteak kezkatzen ditu, baina, auzipetuak. «Zenbat diru xahutu dute ikerketa horretan?», galdetu du Josu Graciak. «UPNren obsesioa agerikoa da, guztion poltsikoetatik bildutako diruarekin ordaindutako obsesioa».
UPNek eredu «autoritario eta baztertzailea» ezartzeko ahaleginak egingo dituela iritzi dute auzipetuek. Hala ere, Garziak argitu duenez, bestelako egoera antzematen dute Iruñean: «Klase politiko eskuindar, baztertzaile eta autoritarioetatik urrun, bestelako eredu bat eraiki nahi duen jendartea gero eta pluralagoa da». Erasoen aurka herritarrek izandako erantzuna nabarmendu dute. «Hurbileko esperientziatik irakaspen mordoa atera ditzakegu», azaldu du Graciak.
Atzean, bi kanaberarekin ikurrin txiki bat zintzilik zutela egin zuten agerraldia, atzo, Iruñeko Udaletxe plazan. Ehun pertsona inguru bildu ziren. Herritarrengandik jaso duten babesa eskertu nahi izan zuten auzipetuek. Gracia: «Nafarroako herri askotatik etorritako herritarren babesa dugu». Etxauri, Leitza, Atarrabia, Etxarri Aranatz eta Oteizako zinegotzi, alkate eta alkate ohiak nabarmendu ditu. «Ikurrinak jasaten duen jazarpenaren adierazle dira herri horietan izandako egoerak». Sanferminetan bezala, herri horietan ere, herritarren borondatea zangotrabatu da, Graciaren iritziz.
5,5 metro luzeko eta 6,5 metro zabaleko ikurrin bat eskegi zuten iazko txupinazoan, 12:00etan. Eta Iruñeko 2. Instrukzio Auzitegiko epaileak esan du ikurrina jartzeak atzerarazi zuela txupinazoa hogei minutuz. 12:20ean hasi ziren sanferminak iaz. Epaileren ustez, horrek «arrisku larrian» jarri zituen plazan zeuden pertsonak. Delitu zantzuak ikusten ditu.
Aldarrikapena eta festa
Urriaren 8an hasiko da bost auzipetuen aurkako epaiketa; baina, aurretik, mobilizazioa deitu dute Iruñea Askatasunez-ekin batera. Urriaren 4an izango da, Iruñeko Udaletxe plazan. «Musika eta kultur emanaldiak aldarrikapenarekin uztartuko ditugu», argitu du Graciak. Horretarako, bi orduz, jai giroan okupatuko dute plaza. 12:00etatik 14:00tara izango da mobilizazioa, Ikurrina eta bizardunak nonahi lelopean. Aniztasuna, askatasuna, batasuna eta nortasuna adierak ditu ikurrinak auzipetuentzat; eta, Iruñeko herritar askorentzat ere hala dela erakutsi nahi dute festan.