Ibai Agirrebarrena kargurik gabe aske utzi dute gaur, asteartetik atxilotuta eduki ostean. Baionan atzeman zuen Frantziako Poliziak, eta berri agentziek zioten Parisko epaile antiterrorista batek irekitako dosier baten barnean kokatzen zela haren atxiloketa. Iazko maiatzean kontrol judizial pean libre geratu zen Agirrebarrena, urtebetez preso egon ondoren. Polizia operazio handi baten barnean atxilotu zuten gaztea.
Egun berean atxilotu zuten Jon Goio Jimenez, Bidaxunen, Agirrebarrenaren gurasoen etxea miatzean. Espetxeratzeko agindu zuen atzo Paueko auzitegiak. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, Seysesseko kartzelan daukate. Jimenezen atxiloketak Espainiako Justiziak egindako euroagindu eskaera batekin du zerikusia, eta euroagindua bihar aztertuko dute Paueko auzitegian.