ATXILOKETA

Ibai Beobide espetxeratu egin dute, komandoak sortzen aritzea egotzita

Beobidek salatu du inkomunikazio aldian torturatu egin dutela, eta uko egin dio epailearen aurrean deklaratzeari. Etakide izatea, armak edukitzea, agiriak faltsutzea eta hainbat atentatutan parte hartu izana leporatu dio auzitegiak.

2010eko otsailaren 18a
18:28
Entzun
Ibai Beobide gazte bizkaitarra espetxeratzea erabaki du Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Albiste agentziek zabaldu dutenez, Gipuzkoan komandoak sortzen aritzea egotzi diote, eta behin-behineko espetxealdia agindu du epaileak, fiskalak hala eskatuta. Etakide izatea, agiriak faltsutzea, armak edukitzea eta hainbat atentatutan parte hartu izana leporatu diote. Beobidek epailearen aurrean salatu du Guardia Zibilak torturatu egin duela inkomunikazio aldian.

Epailearen arabera, hiru komando behinik behin zuzendu ditu Beobidek, eta hainbat atentatutan parte hartzea egotzi dio: besteak beste, EITBren egoitzaren aurkakoan eta El Correo egunkariaren kontrakoan. Epaileak autoan dio 150 kilo lehergai badituztela hiru taldeek, eta Gorbeia mendian (Bizkaia) ari direla guardia zibilak horien bila.

Larunbat arratsaldean atxilotu zuten, Asteasu eta Villabona artean (Gipuzkoa) bizikletan zihoala. Guardia Zibilaren azalpenen arabera, kontrola zeukaten jarrita, eta Beobideri agiri faltsuak eta pistola bat atzeman zizkiote. ETAko kide izatea leporatzen diote, eta 2008 amaieratik ihes eginda zegoela diote.

Astelehenean, berriz, lau lagun atxilotu zituzten Beobideri laguntza eta aterpea ematea leporatuta: Josune Balda, Joseba Camacho eta Juan Mari Maizkurrena Hernanin (Gipuzkoa) eta Euri Albizu Seguran (Gipuzkoa). Lauak inkomunikatuta dauzka Guardia Zibilak. Laurei deklarazioa bihar goizean hartuko diete Auzitegi Nazionalean.

Atzo, berriz, Kataluniako Poliziak Adur Aristegi eta Jon Rosales atxilotu zituzten Gironan, eta haiek ere Beobiderekin lotu dituzte.

Herenegun Espainiako Poliziak Faustino Marcos atxilotu zuen Portboun (Girona, Katalunian), Frantziatik Kataluniara zihoan tren batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.