Etxerat elkarteak salatu du Ibai Peña euskal presoa "oso baldintza kaskarretan" dagoela Muret Seyssesko (Frantzia) kartzelan. "Eguneko 23 ordutan ziegan egoten da, isolaturik, eta patiora joan aurretik biluztu egiten dute. Horrez gain, ezin izaten du kiroldegira edo liburutegira joan, ez zaizkio gutunak iristen eta berak bidalitakoak ere ez dira ailegatu, egunean bitan soilik jaten du, bi bisita besterik ez dizkiote onartu, funtzionarioen jarrera bortitza pairatzen du... Onartezina da. Oinarri-oinarrizko eskubideez hitz egiten ari gara, eta eskubideok errespetatu egin behar dituzte".
Martxoaren 29an atxilotu zuten Peña, Baionan, Espainiako Auzitegi Nazionalaren euroagindu bat zela eta. Bizimodu normala eta publikoa egiten zuen han, Etxeraten arabera.