Ibai Uriarte ondo osatzen ari da, bost organo transplantatu dizkiotenetik

Asteazkenean egin zioten gibel, sabel, heste mehar, pankrea eta duodenoko ebakuntza, Madrilen

Erredakzioa
2010eko abenduaren 31
00:00
Entzun
«Ondo» osatzen ari da Ibai Uriarte, duela bi egun bost organoren transplantea egin zioten Arkotxako (Zaratamo, Bizkaia) lau urteko haurra. Madrilgo (Espainia) La Paz ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean esnatzen hasi zen atzo goizean, eta medikuek aurreratu dute beste bi aste inguru eman beharko dituela hor.

Ebakuntza «arrakastatsua» izan zela jakinarazi arren, diagnostikoa zehaztu gabe dute oraindik. Haurraren egoera zaildu daitekeela ohartarazi dute, eta gorputzak organo berriak arbuia ditzakeela. Esaterako, heste meharra transplantatzen den kasuetan arbuiatze arriskua handia da. Dena den, haurra ondo osatzen ari dela berretsi dute.

Abenduaren 28an agertu zen Ibai Uriarteri transplantatu dizkioten organoen emailea, eta hurrengo egunean bertan egin zioten ebakuntza La Paz ospitalean. Gibela, pankrea, heste meharra, duodenoa eta sabela transplantatu zizkioten. Horixe zen umearen bizitza salbatzeko modu bakarra. Azaroaren 29an Gurutzetan egin zioten ebakuntza, eta zailtasunak izan ziren; hori dela eta, organo horiek guztiak hondatzen hasi zitzaizkion. Madrilera eraman zuten, egoera muturrekoa baitzen. 29ko ebakuntzaren aurretik, 14an ere behin-behineko ebakuntza bat egin behar izan zioten.

Haurraren gurasoak oso pozik daude ebakuntzaren emaitzarekin, oraindik «bide luzea» gelditzen dela onartu arren. Organo emailearen familiari eskerrak eman zizkioten, erakutsi duten «bihotz-zabaltasunagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.