Ez dituzte diru kantitate handiak mugitzen, eta enpresa handiek ez dute arreta haietan jartzen publizitate kanpainak egin behar dituztenean. Baina komunikabideak dira. Informazioa euskaraz emateko hautua egina dute, eta beren txikian, egindako lanari esker, erreferente bilakatu dira lan egiten duten herri eta bailaretan. Eta, hala ere, kezka ekonomikoak itotzen ditu asko eta asko.
Lea Artibai, Mutriku eta Busturialdeko Hitza adibide paradigmatikoa da. Orain dela urtebetera arte bi komunikabide zirenek bat egin behar izan dute halabeharrez. «Erabaki bortxatua izan da, ez gustuz hartutakoa», dio Leire Akarregik, bi zuzendarietako batek: «Herritarrek eta harpidedunek sinesten dute proiektuan, baina egoera ekonomikoak ez digu bestelako aukerarik utzi».
Lea-Artibaiko Hitza duela zazpi urte sortu zen. Busturialdekoa orain dela bost. Baina arazo ekonomikoak berekin eraman dituzte hasieratik. Bizkaiko Foru Aldundiak iaz eman zion egunkariari aurreneko aldiz diru laguntza, eta herri txikietako udalen babesa izanda ere, udal nagusietako batzuekez dute diruz laguntzen. «Inplikazio falta sumatu dugu hasieratik», salatu du Akarregik: «Beti dirua falta dela esaten digute, baina garbi dugu udal eta herri bakoitzak erantzun behar diola proiektuari». Are gehiago, Hitza Lea Artibain eta Busturialdean «erreferentzia informatibo» bakarra delako.
Bizkaiko bi eskualde horietan Hitza bezala, Guaixe astekaria ere erreferente bihurtu da Sakanan (Nafarroa). Bierrik Fundazioak kudeatzen du, Beleixe Irratiarekin batera, eta bailara osora iristen da. Azkenekoz egindako neurketak 16.000 irakurle eman zizkion, —Sakanan 20.000 pertsona bizi dira—. Bierrik hazten joan da, eta hiru laguneko lan taldea zenak 11 langile biltzen ditu gaur egun.
Urtez urte Nafarroako Gobernuaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Sakanako Mankomunitatearen laguntzak jaso izan ditu Guaixe-k. Horiek publizitatearekin eta bazkide laguntzaileek ematen duten diruarekin osatzen dute aldizkariaren diru iturri nagusia. 2009an, baina, Nafarroako Gobernuarena ez zitzaien iritsi. Xabier Azanza Euskarabideko zuzendariak udan adierazi zuen 240.000 euro lotuta zeuzkala euskarazko hedabideentzat. Baina azkenean ez ziren iritsi. Eta Guaixe-k 20.000 euroko zorrarekin amaitu zuen urtea, «diru laguntza espero eta hainbat inbertsio» egin zituelako, Ainhoa UrretagoienaBierrikeko koordinatzaileak dioenez. Egoera larri horri aurre egiteko, Bierrikek Sakandar 1, euro 1. 20.000 baietz! egitasmoa jarri zuen martxan, gobernuak eman ez zien laguntza herritarren borondate onari eskerjasotzeko asmoarekin: «Oso pozgarria izan zen erantzuna. Krisi ekonomikoak asko zigortu du Sakana. Baina herritarrek elkartasuna adierazi ziguten kanpainan».
PausuMedia Behe Bidasoko euskarazko komunikabideak sustatzeko elkarteak ere garai larriak bizi ditu egun. Antxeta Irratiaren sustatzaileetako bat izan zen, eta 2004tik hona komunikazio proiektu ugari landu ditu. Horrela, Bidasoamedia.info Txingudi bailarako euskarazko astekari digitala eta Pausuirratia.net sortu ditu. Horietaz aparte, Behe Bidasoko Hitza-n eta Hamaika Telebistan ere parte hartzen du.
Baina, esan bezala, diru arazoak sortu zaizkio azkenaldian, Agus Hernan arduradunak dioenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak «zaplaztekoa» eman diolako. Orain arte Gipuzkoa 2.0 egitasmotik diru laguntza jasotzen zuten urtero Bidasoamedia-k eta Pausuirratia-k, eta abenduan jakin zuten ez zutela ezer jasoko. «Kolpe garrantzitsua izan da. 10.000 euro espero genituen aldizkariarentzat, eta 7.000 irratiarentzat. Elkarte txikiak gara, eta astekariak, adibidez, 50.000 euroko aurrekontua du. Martxoan jakin izan bagenu, aukera izango genuen egokitzeko, baina abenduan, gastua egina dago».
Bailara batean egiten du lan Goierri Telebistak ere, Gipuzkoan. 2003an jarri zuten martxan, ekimen pribatutik, eta euskaraz aritzeko asmo sendoarekin. Diru laguntzek aurrekontuaren erdia osatzen dute, eta iaz Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzak ez zituenez jaso, «urte txarra larriagotu» egin dute, Jon Aldanondo zuzendariaren arabera: «Urte txarra izan da, Interneterako jauzia egitera behartuta egon garelako eta horrek inbertsio handia eskatu digulako. Publizitatea jaitsi da, eta diru laguntzak ere bai».
Etorkizunerako proiektu handirik ez dute. Dutenari eutsi nahi diote, eta PausuMediak, adibidez, ez du hori ere argi ikusten: «Aldundiak bere jarrerari eusten badio, Bidasoamedia itxi beharko dugu. Laguntzarik gabe ezin dugu aurrera egin», dio Hernanek.
Ibaian gora igerian
Euskarazko hedabideak pairatzen ari diren arazo ekonomikoak eguneroko jardunean nabaritzen dituzte komunikabide txikiek. Beren inguruneetan erreferentzia dira, baina diru faltak itotzen ditu beren asmoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu