Ibaibarriaga: "Aresoren izendapena agortua dagoen eredu bati segida ematea da"

2014ko martxoaren 25a
16:34
Entzun

Aitziber Ibaibarriaga Bilboko EH Bilduren zinegotziak adierazi duenez, Ibon Areso Bilboko alkate izateak ez du "ezer ere aldatuko". Ibaibarriagak gogoratu duenez, Aresok 23 urte daramatza Bilboko Udalean; Hiriaren Antolamendurako Bulego Nagusian nahiz Bilbao Ria 2000 sozietatearen sorreran "rol esanguratsua" izan du. Hirigintzari loturiko erabaki "handi guztien atzean" izan da Areso Ibaibarriagaren arabera, eta beraz, haren izendapena "agortua dagoen hiri eredu bati segida ematea" baizik ez dela baieztatu du koalizioko kideak.

Bilboko EAJk zenbait "mito" saldu ditu Ibaibarriagaren ustez, besteak beste, "zero zorraren ideia". Haren arabera, 55 milioi euroko zorra du Bilboko Udalak egun. Eta horrez gain, Bilboren beste zenbait arazo izan ditu aipagai, hiriko langabezia tasa (emandako datuen arabera, %18,7koa) eta kalean lo egiten duen lagunen errealitatea (236).

Ibaibarriagaren arabera, "EAJk sustaturiko hiri eredua urruti dago" EH Bilduk bultzatzen duenetik. Are, EAJ "herritar guztien eskubideak bermatzeko kezkatik urruti, oso urruti" dagoela uste du.

Hain zuzen ere, herritarrekin parte hartze prozesu bat bultzatuko duen jardunaldien harira egin ditu adierazpenok Ibaibarriagak. 2015eko udaberrira arte iraungo du prozesu horrek, eta koalizioak jakinarazi duenez, 200 lagun inguruk parte hartuko dute bertan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.