EGURALDIA

Ibaitik gertu dauden aparkalekuetatik autoak ateratzera deitu du Bilboko Udalak

Ibai askok gainezka egin dute arratsaldean zehar, eta 02:00etan da itsasgora. Egoerari aurre egiteko aholkuak ematen ari dira.

Lekunberri inguruko herrietan uholdeak daude, Ertzilla ibaiak gainezka eginda. IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
jon olano
2015eko urtarrilaren 30a
10:17
Entzun

Alerta laranja eman dute astebururako eurite, haizete eta elurteen eraginez. Igandera arte luzatu dute alerta egoera; ostiralean euriteak eta ibaiek daramaten ur kopurua izan da arazo nagusia, hainbat lekutan egin baitute gainezka. Itsasgora goizaldean izango da, eta arazoak areagotu ditzake horrek; beraz, gomendioak ematen ari dira hainbat udal. Donostiakoak webgune bat prestatu du Txomin eta Martuteneko bizilagunei informazioa helarazteko, eta Bilbokoak herritarrei eskatu die atera ditzatela autoak ibai ondoan dauden aparkalekuetatik eta eraman ditzatela altuago dauden auzoetara.

Orduz orduko kontakizuna egiten ari da BERRIA:

22:50: Gau osoan zehar zaintza lanak egingo dituzte larrialdi zerbitzuek, SOS Deiek jakinarazi dutenez. Goizean emango dute gaueko egoeraren berri.

22:46: Laudion ere, Aldai Plazako aparkalekuan dauden autoak bertatik ateratzeko eskatu die udalak herritarrei.

22:21: Donostiako Udalak alerta laranja aktibatu du, eta eskatu Txomin eta Martuteneko ibilgailuak garajeetatik ateratzeko. Garberara eramatea gomendatu dute, eta jakinarazi bertatik autobus bereziak izango direla ordu erdiro.

22:19: Hazten jarraitzen dute ibai ugarik.

21:20: Bilboko Udalak herritarrei eskatu die ibai ondoko aparkalekuetatik atera ditzatela autoak 23:30 baino lehen. Astigarragan, 51 lagun atera dituzte kanpaleku batetik, eta Santiago Mendiko aterpetxe batera eraman dituzte.

20:38: Beasaingo Udalak Oriako pasealekuko autoak erretiratzera deitu du, uholde arriskuagatik. Zegaman 93 litro ur bota du gaur, Euskalmeten arabera.

20:32: Txomin eta Martuteneko bizilagun guztiei gomendioak emateko bideo bat sareratu du Donostiako Udalak. Uholde bortitzak izan ziren bertan 2011ko azaroan.

20:31: Uholdeak Muskizen ere.

19:54: Merkantzia-tren bat bidetik irten da Zumarragan. Ez da inor zauritu, eta, bi errailak moztuta izan badira ere, ADIFek jakinarazi du errail bat egokitu dutela trenak pasatzeko. Horrez gain, itxita dago Mungia eta Plentzia arteko errepidea, eta Elorduigane-Markaida bidea erabiltzea gomendatu dute Sos Deiek. Villabonarako sarrera ere etenda dago.

19:41: Oria ibaia gainezka Villabona eta Zizurkil artean.

19:30: Donostian, Urumea ibaiko ura 4,41metroko altuerara iritsi da Martutenen. Horren ondorioz, Udalak protokoloaren Maila Horia aktibatu du. Bizilagunei SMS bidez abisua bidali diete erne ibili daitezen eta datozen orduetan egoerak okerrera egingo balu, protokoloaren hurrengo faseak aktibatu daitezkeela jakin dezaten. Krisi Mahaiak bilduta jarraitzen du, Juan Karlos Izagirre alkatea, Nekane Burutaran Babes zibileko zinegotzia eta Nora Galparsoro Hiri Azpiegitura eta mantenuko zinegotzia bertan daudela, Babes zibileko arduradunekin batera. Aurreikuspenen arabera, eurite bortitzenak gauerdira arte izango dira.

19:23: Arga ibaia atera egin da Arren eta Landabenen.

19:15: Errobi eta Aturri ibaien inguruko herrietan dago kezka gehien Ipar Euskal Herrian. Itsasgorak ez du aparteko eraginik izan, baina edonola ere 200 irteera egin dituzte suhiltzaileek. Bihar 11:00etara arte iraungo du alerta laranjak.

19:09: Errepideetan arazo ugari izan dira euriaren eraginez. N-634 errepidea moztuta dago Mendaron lurjausi baten ondorioz, eta Lezon zazpi autok elkar jo dute. Inor ez da zauritu, hala ere. Bestalde, Deba ibaiaren alerta maila gorrira igo dute Oñatin.

17:31: Alonsotegin eta Sodupen gainezka egin du Kadaguak, eta Eturan Zadorra ibaiak maila laranja gainditu du.

17:27: Donostiako Udaleko Mahai Krisia bilduta dago 16:00etatik. Urumearen maila abisu horira gerturatu da, baina une honetan egonkortzen ari da. Euri bortitzen ondorioz ataskatuta zeuden kutxatila batzuk ematen ari ziren arazoak konpondu dituzte udal zerbitzuek. 05:30ean koordinazio bilera bat egingo da.

17:18: Ertzilla ibaia atera egin da Lekunberri inguruko herrietan, eta uholdeak daude hainbat lekutan. Horrez gain, Iruñean autoak kentzen ari dira Magdalena inguruan. Lasarte-Orian Oria ibaiak maila laranja gainditu du, eta Soraluzen Carmelo Mendizabaleko zubian ia gainezka egin du.

16:27: Arga ibaiak gainezka egin du Arrotxapea parean, Iruñean.

16:15: Asteburuko eskola kiroleko jardunaldia bertan behera utzi dute Bizkaian eta Gipuzkoan.

15:45: Hainbat ibaik gainezka egin dute. Zadorra, adibidez, Agurainen atera da, eta Kadagua Zallan. Leitzaran eta Oria ibaiak gainezka egiteko zorian zeuden 12:30ak aldera. Bilboko Udala itsasadarraren ingurua zaintzen ari da, hurrengo orduetan euri asko egitea espero baitute. Aizarnazabalen, Urola ibaiak maila horia gainditu du.

Nafarroan, alerta aurreko egoera aktibatu du gobernuak Irurtzunen, Elgorriagan eta Arakil, Larraun, Ezkurra eta Arakil ibaiek gainezka egiteko arriskuaren aurrean. Bideoa: Aiurri.

[Youtube]http://youtu.be/w-d6EtTCtUg[/Youtube]

Bi emakume zauritu ziren atzo iluntzean Kanbotik Uztaritzerako bidean (Lapurdi), haizeak botatako zuhaitz bat autoaren gainera erori ostean. 19 eta 60 urte dituzte, eta Baionako ospitalean daude zaurietatik sendatzen. Ez daude larri. 

Asteburuan alerta laranjan

Alerta laranjan daude Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, euriteak, uholde arriskua eta haize ufada bortitzak espero baitituzte.

Nafarroa iparraldean alerta laranja eman du Aemet Espainiako Metereologia Agentziak ere, eurite eta haizeteengatik. Nafarroako Pirinioetan elurteak espero dituztela-eta alerta laranja eman dute han ere. Nafarroa erdialdean alerta horia eman dute, haizeteengatik.

Euskalmetek, berriz, kostaldean eman du alerta laranja, olatuen altueragatik —sei edo zazpi metrokoak izango dira—. Gaur, Bizkaian eta Gipuzkoan izango dira alerta laranjan, espero baita euri asko botatzea, eta bihar arte iraungo du egoera horrek —24 ordutan metro koadroko 80 litro botatzea espero da—. Bihar, elurragatik zabalduko da alerta laranja; elurra 200 metrotik gora egin dezake-eta. Alerta igandera arte mantenduko dute. Haizeak ere gogoz joko du datozen orduetan. Kostaldean orduko ehun kilometroko ufadak espero dira, eta barnealdean 80koak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.