Garikoitz Ibarluzea ez Espainiaratzea erabaki du Londresko auzitegi batek. Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskariari uko egin dio epaileak, eta Fiskaltzarenari ere bai. Aurreko auzi saioan ere estradizioaren aurka azaldu zen epailea, baina, Fiskaltzak helegitea jarrita, berriro aztertu dute gaia. Kale erasoetan parte hartzea egozten dio Espainiako Auzitegi Nazionalak Ibarluzeari. Erabakia hartu artean espetxean izan dute Ibarluzea. AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi du hurrengo orduetan aterako dutela espetxetik.
Nolanahi ere, gaurko erabakia ere ez da behin betikoa izango. Helegitea jartzeko aukera izango du Fiskaltzak Ingalaterrako Auzitegi Gorenean.
Abuztuan bota zuten atzera Ibarluzearen lehen estradizio eskaria. Epaileak esan zuen Auzitegi Nazionalak egindako eskaria baliogabea dela, abokatuaren eskaria aintzat hartuta. Haren arabera, 2007an eta 2010ean egindako eskaeren artean aldeak daude. Zehazki, abokatuak salatu zuen delituen izaera aldatuta ageri dela eskarietan; larriagotu egin zuten delituaren izaera, eta, hartara, balizko zigorra handitu. Gainera, abokatuak argudiatu zuen herrialde hartarako legeen aurka egiteko arriskua dagoela Ibarluzea Espainiara eramanda. Hango legearen arabera, estraditatzea eragin duen delituarengatik bakarrik epai dezakete ustezko delitugilea. Kale erasoetan parte hartzea egozten diote Ibarluzeari. Abokatuak dio, ordea, litekeena dela ETAko kide delakoan epaitzea.
politika
Ibarluzea ez dute Espainiaratuko
Londresko auzitegi batek atzera bota du Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskaria. Lehenago ere berdin egin zuen epaileak. AAMk dio aurki aterako dela espetxetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu