Pirinioak. Murrizketak Nafarroan (I)

Ibarrek zerbitzuak defendatu dituzte, etorkizunaren alde

Osasun eta hezkuntza arloetako murrizketa gogorrak salatu dituzte Nafarroako Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkari ibarretako herritarrekZerbitzuak ematerakoan biztanle kopuru hutsa kontuan hartzea oztopotzat jo dute

Azken hilabeteotan hamaika izan dira Pirinioetako Nafarroako ibarretako biztanleek egin dituzten protestak. Pirinioetan bizi nahi dutela aldarrikatu dute. MENDIXUT.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
«Denok egin dugu bat osasun sistemaren erreformaren aurka». Alfonso Venturarenak dira hitzak. Otsagabiako Osasun Etxeko medikuarenak. Joan den astean, sektore mahaiko sindikatu guztiek berretsi zuten Osasun Departamentuaren asmoen kontrako iritzia. «Sindikatuek eta medikuok errateko duguna bazter utzi, eta dekretuz onartuko du gobernuak sistema berria». Horixe uste du Venturak, eta argi du landa eremuko osasun zerbitzuei eginen diela, bereziki, kalte. Lehendik zaila zen errealitatea, are gehiago ilunduko duela.

Landa eremuko herrietako eguneroko zailtasunak ederki ezagutzen dituzte Nafarroako Pirinioetako Zaraitzu, Aezkoa eta Erronkari ibarretako biztanleek: orografiak ezarritako neurri bateko bakartzea; horren ondorio diren komunikazio eskasak; herrien hustea...

«Jendeak jarraitzen du, pixkanaka-pixkanaka, Iruñerantz alde egiten; zerbitzuak galtzea, guretzat, hagitz larria da. Osasuna eta hezkuntza dira ia ditugun bakarrak, eta horietan ezartzen ari diren murrizketek ez digute betere onik egiten», erran du, argi eta garbi, Aezkoako Ibarreko Batzarreko presidente Felix Jamarrek.

«Osasuna eta hezkuntza dira ongizatearen oinarrizko zutabe; arlo horietan diskriminazio positiboa lortzen ez badugu, ez dugu deus egiterik». Diskriminazio positibo hori, oraingoz, ez da gertatzen. Alderantziz. Nafarroako Gobernuak bermatu beharreko zerbitzuetan biztanle kopuru hutsa kontuan hartzeak Pirinioetako ibarrentzat oztopo handia dela nabarmendu du Jamarrek. Duela hainbat urte anbulantzia zerbitzuarekin gertatutakoa jarri du adibide gisa. Aurizberrin egoten zen ibilgailua kendu egin zien gobernuak, zerbitzuari eusteko «larrialdi nahikorik» ez zegoelako. Herritarrek egin zituzten mobilizazioek izan zuten eraginik, eta anbulantzia Aurizberrin da, berriz ere.

Erabakiak hartzeko moduak, hala ere, ez dira gehiegi aldatu. Eta oraingoan gobernuak bere asmoetan atzera egitea zaila izanen dela uste du Alfonso Venturak. Zaraitzuko eta Pirinioetako gainerako ibarretan, bereziki, bi esparrutan sumatuko da aldaketen eragina, sendagilearen hitzetan: «Ordezkapenak ez dira beteko; eta larrialdietako txandak medikua eta osasun laguntzaile teknikoa osasun etxean egon gabe eginen dira». Telefono deia jasotzeko moduan egon beharko dute bakarrik.

Gobernuak ezarri du baldintza bat, hala ere. Osasun etxera gehienez ere hamar minutuko epean ailegatzeko moduan egon beharko dute langileek. «Bertan bizi ez denak halabeharrez egin beharko du txanda osasun etxean bertan, baina zerbitzu hori eskaintzeagatik gehiago kobratu gabe, ordea», salatu du Alfonso Venturak.

Dirua, aldaketen atzean

Erreformaren atzean dagoen arrazoi bakarra, hain zuzen ere, dirua dela azpimarratu du Otsagabiako medikuak. «Gobernuak dio erreformaren xedea zerbitzua hobetzea dela, baina denok dakigu hori gezurra dela. Onartutako aldaketekin ezinezkoa da orain arteko kalitateari eutsi ahal izatea».

Are gutxiago, Pirinioetan. «Herrien arteko distantzia handia da, neguak gogorrak dira, eta egoera horiek mugak ezartzen dituzte. Iaz, bi astez izan genuen hamalau graduko tenperatura, zero azpitik. Baldintza horiekin, nik ezin dut bermatu autoa eta tresnak hartu, eta gaixo bat artatzeko prest egon ahal izatea. Larrialdi gutxi gertatzen dela dio gobernuak; larrialdia duenak zerbitzu egokia jasotzeko eskubidea duela argi dugu guk».

Zaraitzun, egun, hiru sendagile eta hiru osasun laguntzaile tekniko badira. Goizez aritzen dira, Otsagabian, Nabaskozen (ez da, berez, ibarreko herri) eta Ezkarozen. 15:00etatik aurrera, Ezkarozekoa da larrialdietarako zerbitzua.

Pirinioetako gainerako ibarretan antzekoa da egoera. Aezkoari dagokionez, ibarreko biztanleentzat osasun etxe nagusia Aurizkoa da. «Zentro horrek hartzen ditu Aezkoa eta Erroibar-Auritz-Orreaga-Luzaide eskualdeko gaixoak; Aezkoako gainerako herrietan dauden kontsultategiek astean behin zabaltzen dituzte ateak», azaldu du Felix Jamarrek. Larrialdi zerbitzuetarako, berriz,Auritzera jo behar dute herritarrek.

Erronkarin, Izabakoa da osasun etxe nagusia. Gainerako herrietan astean behineko kontsultategiak dituzte, Aezkoan bezala. Pirinioetako bertzelako ibarretan gertatu antzera, halaber, larrialdietako txandak, aurrerantzean, medikua osasun etxean bertan egon gabe izanen dira Izabako zentroan ere.

Erreformak ezarriko dituen lan egiteko modu berrien aurrean, Pirinioetako ibarretan bizi diren zaharrak ditu buruan Felix Jamarrek. «Populazioaren adinak gora egin du. Zaharrentzat zaila da etxetik ateratzea. Badira senitartekoen laguntzarik ez dutenak. Gobernuak ezarri nahi dituen murrizketek herritar horiek artatzeko aukerarik gabe uzten gaituzte, eta ez da hori guk egin nahi dugun bidea. Langile gehiago behar badira, jar ditzatela. Baina ezin dugu zerbitzurik galdu».

Ikasle kopuruan, galtzaile

Hezkuntzaren esparruan ere egoerak okerrera egin duela argi dute Pirinioetako biztanleek. Nafarroako gainerako ikastetxeetan bezala, mugitua izan da azken ikasturtea Pirinioetako ibarretako eskoletan ere. Ikasleek, irakasleek eta gurasoek parte hartu dute Garralda, Erronkari eta Otsagabiako ikastetxeetan azken hilabeteotan egin dituzten protestetan. Irailetik aurrera ere, ikasturte berria bero etorriko dela iragarri dute zentro horietako arduradunek.

Azken murrizketen harira, irakasle kopuruak behera eginen du Pirinioetako eskoletan. Otsagabiakoan ibar osoko eta Nabaskozeko haurrek ikasten dute. Hiru eta hamasei urte arteko ume eta gazteak hartzen dituzte zentroan, Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Ehun ikasle inguru dituzte denera. Kopuru bera dago Garraldakoan. Han ere, Aezkoako bertako, Erroibarko, Aurizko eta Orreagako haurrak hartzen dituzte, hirutik hamasei urtera.

«Aurreko ikasturtean 26 irakasle aritu ginen; hurrengoan 23 izanen gara», azaldu du Garraldako eskolako zuzendari Maria Marchenak. Irakasleon konpromisoa azpimarratu du, orain artekoari eusteko erakutsi duten borondatea. «Hala ere, ezinezkoa da kalitateari eustea», onartu du.

Azken murrizketen gainetik, Pirinioetan egoteak ezartzen dituen mugen ondorioak nabarmendu ditu Otsagabiako eskolako zuzendari Tasio Sanzek. «Gobernuak ikasle kopuruaren arabera banatzen ditu laguntzak. Ondorioz, gu beti gara galtzaile». Laguntza horien kopuruak, gainera, behera egin du. «Otsagabiak gobernutik jasotzen duen kopurua 17.000 eurotik 9.000ra jaitsi da». Gastuei aurre egiteko arazoak dituzte udalek. Bereziki, Garraldakoak. «Konponbidea bilatzen ari gara», diote udaletik.

OHARRA: Bihar Nafarroako Pirinioetako ingurumenari eta harekin lotutako turismo moldeei buruzko erreportajea emanen du BERRIAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.