Politika

Ibarretxe ez da joan Espainiako autonomietako presidenteen bilerara

Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ez da joan Madrilera Espainiako Senatuan Espainiako autonomi erkidegoetako presidenteak egiten ari diren bilerara. Jaurlaritzako bozeramaile Miren Azkaratek aurreratu zuen Ibarretxe ez zela han izango, gatazkaren konponbideari ez zaiolako helduko. Nafarroako Gobernuko presidente Miguel Sanz, ordea, han da. Ibarretxez gain beste presidente batek bakarrik egin du huts, hain zuzen ere Extremadurako lehendakari Juan Carlos Rodriguez Ibarrak. Izan ere, bihotzekoak eman dio Extremadurako presidenteari.

2005eko azaroaren 7a
19:27
Entzun
Miren Azkaratek urrian azaldu zuen, "Euskadi eta Espainiaren artean" konpontzeko dagoen gatazka politikoa dagoela, eta hori konpontzea dela Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren lehentasuna. Espainiako Senatuan, egiten ari diren erkidegoen egoerari buruzko eztabaidan, baina, ez dutela gai hori hizpide izango argudiatuta, "koherentzia politikoagatik" Ibarretxe ez zela bileran izango azaldu zuen. Eta halaxe jakinarazi ziola Javier Rojo Espainiako Senatuko presidenteari.

10:40an hasi dute bilera, Espainiako Senatuan. Javier Rojok emandako hitzaldi batekin hasi da, 1997tik egiten den hirugarren bileran. Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterok hartu du hitza gero, eta autonomi erkidegoetako presidenteen txanda etorri da gero.Gaur aurreneko txandaren zatirik handiena egitea espero da, eta gainerakoa bihar.

Espainiako Senatuaren erreformarako, talde parlamentarioek eta autonomietako gobernuen ordezkariez osatutako batzordea osatzea proposatu du Zapaterok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.