Politika

Ibarretxe: "Lau urte hauetan behin betiko bakea lortuko dugu"

"Euskadin mugimendu politiko handiak" izango direla uste du eusko Jaurlaritzaren lehendakariak, "nahiz eta ETAk atsekabe basatiak emango dituen". Erakunde armatuaren "indarkeriaren aroa betiko bukatu" dela dio.

2007ko uztailaren 23a
13:29
Entzun
"Hurrengo lau urte hauetan Euskadin mugimendu politiko handiak izango dira, gure etorkizuna erabakitzeko sakontasun politikoko ekimenak eta behin betiko bakea ere lortuko dugu, nahiz eta ETAk atsekabe basatiak emango dizkigun". Horixe esan du gaur Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiari eta honek legealdirako daukan talde berriari Gasteizen, Ajuria Enean egindako harreran.

Ibarretxeren ustez, "erabakigarriak" izango dira hurrengo lau urteak "zailtasunak zailtasun, bakea lortzeko, normalizazio politikorako akordioa lortzeko eta gure etorkizuna erabakitzeko".

ETAren "indarkeriaren aroa betiko bukatu" dela dio Jaurlaritzaren lehendakariak.

Gizartearen eta politikaren arteko tartea murriztu eta herritarrek irizten diotena jakin asmoz, "parte-hartze demokratikoagoa" lortzeko neurriak hartu behar direla esan du, eta "Euskadik munduan bere lekua" izan behar duela.

Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak "leialtasuna" adierazi dio Eusko Jaurlaritzari, "traineru berean" daudela iritzita, eta bake eta normalizazio politikoaren prozesuaren lidergoa Ibarretxe lehendakariak, Eusko Jaurlaritzak eta alderdi politikoek dutela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.