Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi eta Agirre Centerreko zuzendariak EHUko udako ikastaroetan esan du Euskadiri edo Euskal Herriari —bi adierak erabili ditu— estatu ez izateagatik ukatzen bazaio nazioarteko instantzietan parte hartzea eta nazioarteko ordezkaritzarik ez izatea, horretarako estatua izan beharko duela. "Esaten bazait gure herria estatu ez delako politika fiskalak defenditzeko tokirik ez dudala Ecofinen [Europako Ekonomia ministroen kontseilua]; gainera, esaten bazait gure herriaren garapenerako hainbat arlo funtsezkori eragiten dioten erabaki estrategikoetan ezin dudala parte hartu, ez delako estatu; edo ezin dudala izan kulturan edo kirolean nazioarteko ordezkaritzarik, ez naizelako estatu, hori dena ukatzen bazait estatu ez izateagatik, izan beharko dut. Denbora askoan pentsatu nuen ez zela behar-beharrezkoa. Pentsatzen nuen estatuen eraldaketa prozesu bat zegoela".
Ibarretxerentzat Madrilekiko eta Bruselarekiko "derrigorrezko dependentzia" dago oraindik, eta "hori da arazoa". Ondorioz, aske izatea aldarrikatu du; hots, erabakitzeko eskubidea. "Gure nazioa eraiki behar dugu, baina oinarri soziala zabaldu egin behar dugu, eta demokrazia kontzeptuaren inguruan zabaltzen da hori, bai esateko Euskadiren independentziari edo Espainiaren batasunari".
Madrilen jarrera ikusita zaila ikusten du "itundutako" erreferendum bat lortzea. Beste batzuetan bezala, voice or exit printzipioa atera du: "Edo hitza ematen didazu, edo banoa". Bidea egiteko, bi oinarriri eman die garrantzia. "Erne: lan egin behar da. Eta, ahal dela, norabide berean". Beste oinarria: proiektuan, ikerketa+garapena+berrikuntzaz gain, euskal identitatea txertatzea.
Euskal sistema ekonomikoa, "paradisua"?
Espainiarekiko Euskadik daukan dependentziak kosturik baduen galdera pean, ekonomia eta politika publikoak izan dituzte hizpide adituek. Fernando De la Hucha UPNAko irakasleak azaldu du, kupoa adibidetzat jarrita, euskal sistema ekonomikoa ez dela "paradisua"; besteak beste, Espainiako Estatuak erabakitzen duelako bere gastua; edota, urte batean erkidegoek diru bilketa txikiagoa izan arren, kupoa ez delako proportzionalki jaisten, "berdin" mantentzen baita.
Proportzioan Nafarroak EAEk baino gehiago ordaintzen du kupoa, "eskumen gutxiago baitu", De la Huchak esan duenez, "baina eskumen gehiago izatea ekonomikoki ez da errentagarria batzuetan".
Helena Franco EHUko irakasleak nabarmendu du estatuaren eskumen esklubiboak direla lan arloko legedia eta Gizarte Segurantza, eta, harena "narriatzen" doan eredu bat izanik, Hego Euskal Herriak egoera pairatu egiten duela; kasurako, "gizarte kohesionatuagoa" eraikitzeko. "Aukera txikia dugu eragiteko". Gainera, adierazi du EAEk eta Nafarroak ez dutela bertako finantza publikoen heren bat kontrolpean, eta Madrilen esku hartzea "etengabea" dela.
Francok garrantzitsua deritzo Gizarte Segurantzaren kudeaketa aztertzeari eta gauzatzen hasteari, "hura ez izatea, hainbat arlotan erabaki ahalmena ez izatea baita", eta, ondorioz, "burujabetzarako gabezia".
Joseba Jauregizar Tecnaliako zuzendari ohiak ohartarazi du azken hamarkadetan Madrilen politika zentralizatzaileek kaltetu egin dituztela euskal instituzioen eskumenak eta baliabideak, eta, egoera hobetu bada ere, orain berriro erne egon beharko dela, "laugarren iraultza industriala" datorrelako; "tsunami teknologikoa".
Imanol Esnaola Gaindegiakp koordinatzaileak egin ditu aurkezle lanak.