Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi Juan Jose Ibarretxe konbentzituta dago hurrengo bozen ostean «Europaren barruan proiektu propioa garatu nahi duten» euskal eta kataluniar gehiengo sozial eta politikoak indartsuago irtengo direla eta gehiengo sendoago bat osatuko dutela beren proiektuak aurrera ateratzeko. Ibarretxeren ustez, «gure herrian utopia gauzagarrien garaian bizi gara», eta, horregatik, dio, Euskal Herriaren eta Kataluniaren independentzia defendatzea ez dela kimera hutsa, edo beste era batera esanda, «Espainiaren batasuna defendatzea adinako kimera» dela.
Noticias taldeko hedabideetan eta Kataluniako El punt-Avuí egunkarian argitaratutako iritzi artikulu batean mintzo da horrela Eusko Jaurlaritzako lehendakari jeltzale ohia.
Espainiako trantsizio garaitik hona igaro diren 35 urteetan Espainiako Estatuak Euskal Herria eta Katalunia estatuaren barruan «integratzeko» edo «desegiteko» saioak egon direla gogorarazi du Ibarretxek, baina 35 urte igaro ostean oraindik ere «Euskadik eta Kataluniak konpondu gabeko arazo» direla.
Konstituzioa «mailu»
Ibarretxek berak aurkeztutako estatutu berrirako proiektua edo Kataluniako Estatutu berria nola eragotzi zuten ere gogorarazi du lehendakari ohiak, eta bi kasuetan «autoritarismo 'demokratikoz'» jokatu zutela Espainian. «Gatazkak elkarrizketa bidez konpondu beharrean arazoak lurperatu nahi direla ikusi dugu», dio. Eta testuinguru horretan, Konstituzioak Espainiako Estatua «plurinazionala» dela dioen arren, guztiz kontrara jokatzen dutela salatu du: «Konstituzioa Estatuko nazioen adierazpen demokratikoek lekua duten gune gisa aurkeztu beharrean, adierazpen horiek lurperatzen dituen mailu edo gabi gisa aurkezten dute».
«Espainiak erabaki du nazio bakarra bera dela, eta ez dagoela beste ezer eztabaidatzeko», gaineratu du Ibarretxek. Jarrera hori «okerrena» dela dio, «Estatua osatzen duten nazioei bi bide baino ez dietelako uzten: Espainiak aldebakarrez erabakitako elkarbizitza eskaintza onartzea edo Estatutik alde egitea».
Lehendakari ohiak gogoratu du 50 urtetik behera dituzten herritarrek ez dutela erabakitzeko aukerarik izan Espainiarekin, Frantziarekin eta Europako Batasunaren zein «elkarbizitza politiko eredu» nahi duten. Horregatik, defendatu du belaunaldi bakoitzak aukera izatea eztabaida konstituziogile bat garatzeko eta «elkarbizitza akordio berritu bat» lortzeko.
Ibarretxe: «Utopia gauzagarrien garaian bizi gara»
Lehendakari ohiaren ustez, bozetan indartsuago irtengo dira «proiektu propioa» garatu nahi dutenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu