Politika

Ibarretxek atzeratu egin du galdeketaren aldeko agiria sinatzeko ekitaldia, Santoñako atentatuagatik

Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta kontseilariak bihar ziren EAJ, EA, EB eta Aralarren idatzia izenpetzekoak. Ekitaldi hori eta gaur hil duten militarraren hileta elizkizuna une berean ez izatearren atzeratu dute Gasteizko agerraldia. Javier Balza Herrizaingo sailburua izango da Jaurlaritzako ordezkaria hiletan.

2008ko irailaren 22a
19:08
Entzun
Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria bihar zen sinatzekoa EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek herri galdeketaren alde lehengo ostiralean plazaratu zuten agiria baina, Lehendakaritzako iturriek agertu dutenez, ekitaldia atzeratu egin dute, Santoñan (Espainia) ustez ETAk egindako atentatuagatik.

Militar bat hil da eraso horretan, eta bihar eguerdian izango da hileta elizkizuna, Segovian (Espainia). Galdeketaren aldeko ekitaldia eta biak une berean ez izatearren atzeratu dute Gasteizko izenpetze agerraldia. Javier Balza Herrizaingo sailburua izango da Jaurlaritzako ordezkaria hiletan.

Oraingoz, ez dute jakinarazi zein egunera atzeratu duten galdeketaren aldeko agerraldia. Izaten denean -hasiera batean irailaren 16rako hitzordua jarri zuten-, Ibarretxek ez ezik, Jaurlaritzako kontseilariek ere izenpetuko dute.

EAJ, EA, EB eta Aralarrek "Euskadin" bakea eta normalkuntza politikoa lortzeko galdeketa beharrezkoa dela diote idatzian, eta "hurrengo hilabeteetan Europa eta nazioarte mailako foroetan ekimenak eta demandak" aurkeztuko dituztela jakinarazi dute. Ez dute zehaztu, beraz, Europa Batasuneko Giza Eskubideen Auzitegian Espainiako Estatuaren kontrako salaketa jarriko duten. Ibarretxek hala iragarri zuen irailaren hasieran, "pentsatzeko, adierazteko eta elkartzeko eskubideak urratzeagatik" (EAJ, EA eta EBk osatzen dute Jaurlaritza). Herritarrei agiria sinatzeko dei egin diete lau alderdiek.

Eusko Legebiltzarrak 2008ko ekainaren 27an onartu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsulta egiteko Galdeketaren Legea (gehiengoa osoa lortzeko, EAJ, EA, EB eta Aralarren botoak ez ezik, EHAK-ko batena ere jaso zuen legeak), eta duela bi aste Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuen. Aurtengo urriaren 25ean egitea egin nahi zuten galdeketa.

EAk atzo Laudion (Araba) Alkartasun Eguna ospatu zuen eta agiria sinatu zuten euren militanteek. Besteak beste, Begoña Errazti EAko presidente izandakoak eta Carlos Garaikoetxea EAko eta Jaurlaritzako lehendakari ohiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.