Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak "baztertze politika" bertan behera uzteko eskatu dio gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidenteari. Espainiako Alderdiaren Legearen kontra dagoela jakinarazi eta "giza eskubideetan oinarritutako espetxe politika" egiteko galdegin dio, "indarkeriaren kontra denak ez duelako balio".
Bide batez, ETAren aurkako borrokan "euskal erakundeek inplikaziorik handiena" izango dutela bermatu nahi izan dio, gero Ibarretxek berak prentsaurrekoan jakinarazi duenez.
Legealdi honetan zazpigarren aldiz bildu dira gaur biak; ETAk ekainaren hasieran su-etena hautsi ondoren lehen aldiz, hain zuzen. 10:40ean hasi dute bilera Madrilen, Moncloa Jauregian, eta bi orduz aritu dira hizketan.
Ibarretxeren ustez, "euskal gizarteak nazka sentitzen du" ETAren su-eten hausturaz, eta iritzi dio Zapaterok "bakea lortzeko ahalegin zintzoa" egin duela. "Behin eta berriro saiatu behar gara horretan".
Alderdi eta erakundeen "ekimen politikoaren gaitasuna" errespetatzeko eskatu dio Zapaterori, "orain inoiz baino gehiago, bestela gidaritza eta agenda politikoaren kudeaketa ETAren esku geldituko litzatekeelako". Hala, Eusko Legebiltzarrak Estatutu berrirako proposamena onartua duela gogoratu du Ibarretxek, Espainiako Kongresuak baztertu egin zuela ere bai, "baina Estatutu horrek izaten segitzen du Euskadiren eta [Espainiako] Estatuaren artean harreman atsegina lortzeko erreferentzia balekoa".
Jaurlaritzaren lehendakariak esan du legealdi honetan (2005-2009) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarren artean etorkizuna erabakitzeko kontsulta egiteko konpromisoarekin segitzen duela.
Gobernuaren ustez, lankidetza "zintzoa" da
Espainiako Gobernuen iturriek azpimarratu dute Jaurlaritzak eta biek "ETAren mehatxu terroristari elkarren artean irmotasunez aurre egiteko erabakia" hartua dutela, eta ez duela uste bien arteko "desadostasun politikoek" -Alderdien Legeak, presoen sakabanaketa politikak eta herritarren arteko kontsultak- trabatuko dutenik lankidetza.
Barne Ministerioaren eta Herrizaingo Sailaren bidez eramaten ari diren lankidetza "zintzoa" dela iritzi dio Gobernuak.
Kupoaz ere aritu dira
Ibarretxe eta Zapatero Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kupoaz ere mintzatu dira gaurko bileran. Gobernuaren presidenteak Kontzertu Ekonomikoaz azaldutako "errespetua" aipatu du Ibarretxek. "Kontzertua ez da pribilegioa, eskubide historikoa baizik", adierazi du lehendakariak.
Politika
Ibarretxek "baztertze politika" uzteko eskatu dio Zapaterori
Jaurlaritzaren lehendakariak eta Espainiako Gobernuaren presidenteak bilera egin dute gaur. ETAren aurkako borrokan "euskal erakundeek inplikaziorik handiena" izango dutela ere esan dio Ibarretxek. Gobernuak dio bien arteko "desadostasun politikoek" ez dutela trabatuko lankidetza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu