Pasatu dira dagoeneko Arnaldo Otegi eta Rufi Etxeberria Batasuneko buruak eta Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria epailearen aurretik Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusian. Ibarretxe izan da azkena (12:00etan zeukan hitzordua) eta 12:35ean irten du Auzitegitik. Sartzean bezala, irteeran ehunka jarraitzaile zituen zain eta txaloka hartu dute. Urtarrilean ere hantxe izan zen lehendakaria, auzi beragatik: iaz ezker abertzaleko buruzagiekin bilera egitegatik. Otegi ere izan zen urtarrilean Auzitegian kasu horregatik, baita Juan Joxe Petrikorena eta Pernando Barrena kideak ere.
Auzitegitik irten eta jarraitzaileei zuzendu zaie Ibarretxe. "Pozgarrria da zuen babesa eta bihotz-bihotzez eskertzen dizuet", esan die. "Hau antzerkia besterik ez da, honek ez dauka ez bururik eta ez hankarik". Epaileari, urtarrilean esandako bera adierazi diola azpimarratu du. "Berriro esan diot ezker abertzaleko liderrekin bildu nintzela iaz eta urtarrilaren 22an. Eta orduan ez ezik, hitz egiten jarraitu dudala eta segituko dudala, irtenbidea bilatu nahi badugu. Euskal gizarteari hitz hori eman nion, hitza sakratua da, eta nik hitza bete egingo dut".
Eguerdiko hamabietarako bost bat minutu falta zirela iritsi da Ibarretxe EAEko Auzitegi Nagusiaren egoitzara. Jaurlaritzako sailburu guztiek lagundu diote eta, atarira iritsi denean, Jaurlaritzako hirukoa osatzen duten alderdietako buruzagiak zituen zain. Haiek agurtu ditu aurrena, eta gero eskuak gurutzatuz esker oneko keinua egin die txaloka eta oihuka ari ziren ehunka jarraitzaileei. Egonaldi labur horren ostean, sailburu guztiekin sartu da Auzitegira.
12:00etan zuen deklaratzeko hitzordua Ibarretxek. Aurretik Arnaldo Otegi zegoen deituta 10:30ean eta Rufi Etxeberria 11:00etan. Azken biok, baina, uko egin diote deklaratzeari. Gauza bera egin zuten Batasuneko kideek urtarrilean.
Goizeko hamar eta erdiak baino zertxobait lehenago iritsi dira Otegi eta Etxeberria, eta ezker abertzaleko jarraitzaile askok txaloka eta animo oihuekin hartu dituzte. Hamarrak eta laurden ingurutik zeuden han bilduta jarraitzaileak, eta Otegi eta Etxeberria heldu baino lehenago tentsio uneak izan dira Ermuko Foroko kideak iritsi dienean. Elkarri irainka aritu dira ezker abertzalearen jarraitzaileak eta Ermuko Foroko kideak.
Otegi: "Iraganeko errezetak gainditu behar dira"
Otegik hedabideei egindako adierazpenetan esan du auziok Espainiako Alderdien Legearen "ondorio" direla "eta iraganeko errezetak gainditu" egin behar direla. "Etorkizuna beste era batean eraiki behar da. Ezker abertzaleak horretarako proposamena egin du, urratsak egiten ari da eta urratsak egingo ditu argi eta garbi, Euskal Herriak bakea eta demokrazia bizitzeko"
Urtarrilaren 31n deklaratu zuen lehen aldiz Ibarretxek, Batasuneko buruzagiekin biltzeagatik inputatuta, legez kanpo utzitako alderdi horren jardun politikoari babesa eman ziolakoan. Ezker abertzaleko buruzagiekin bilera egin zuela esan zion epaileari, eta aurrerantzean, bakearen bila, alderdi guztiekin hitzegiten jarraituko zuela. Horren harira, Ibarretxeren kontrako kereila zabaldu zuen Ermuko Foroak, eta horregatik hartuko diote deklarazioa bigarren aldiz.
Politika
Ibarretxek berretsi du ezker abertzalearekin bildu izan dela eta bilduko dela
12:35ean irten du Jaurlaritzaren lehendakariak EAEko Auzitegi Nagusitik, bigarrenez epailearen aurrean deklaratu ondoren. Ehunka jarraitzaile zain zituen eta txaloka hartu dute. Ibarretxek esan du epaileari berriro adierazi diola ezker abertzalearekin bildu izan dela eta aurrerantzean ere bilduko dela, "irtenbideak bilatzeko". Otegi eta Etxeberria Batasuneko buruek uko egin diote deklaratzeari; haiek ere jarraitzaile askoren babesa jaso dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu