2008ko urriaren 25ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herri galdeketa antolatuko duela iragarri zuen joan den irailaren 28an Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak Eusko Legebiltzarrean eta, geroztik bezala, gaur berretsi egin du hori, urte bukaerako agerraldi instituzionalean. Herritarrek euren hitza emateaz gain, emaitza "errespetatu" egin behar dela esan du. Bere egitasmoa "azken ondorio juridiko eta politikoetaraino" eramango du, eta "2008a garrantzi handikoa urtea izango da".
Madrili, Parisi, ETAri eta Bruselari ez begiratzen segitzeko dei egin du Ibarretxek. "Geuk dugu etorkizunaren giltza", adierazi du, eta hori "barneratu" beharra dagoela. Hala, "gizarteak protagonismoa" izango du, haren arabera.
2007. urteak "frustrazioa" eragin diola esan du, bake prozesuak ez duelako aurrera irten, baina 2008ari begira "itxaropena" agertu du, "aro politiko berria hasteko normalizazioa lortzeko".
"Bakea, elkarrizketa eta erabaki eskubidea" jarri ditu ardatz gisa. "Bakea, Euskal Herriak merezi duelako", eta "bakea zapuzten" duena ETAren indarkeria dela iritzi dio; "gizartea nazkatuta dago terrorismoaz" eta ETAri behin betiko armak uzteko exijitu dio.
Elkarrizketarik gabe, berriz, "konponbiderik ez" dagoela iruditzen zaio, eta "ETA egon ala ez, konponbide politikoak bilatu behar dira elkarrizketaren bidez". Denek denen artean hitz egin behar dutela aldarrikatu du, "giza eskubide denak aplikatuta, baita presoenak ere". ETAk eragindako biktimak ere gogoan izan ditu, eta legez kanporatzeak irtenbide ez direla gogoratu du.
Politika
Ibarretxek berretsi egin du galdeketa egingo duela 2008an
Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak bere egitasmoa "azken ondorio juridiko eta politikoetaraino" eramango du, eta Madrili, Parisi, ETAri eta Bruselari ez begiratzeko behar esan du. "Geuk dugu etorkizunaren giltza". 2007ak "frustrazioa" eragin dio, baina datorren urteari begira "itxaropena" dauka. Urte bukaerako agerraldi instituzionala egin du gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu