Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur esan du igande gauean Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko presidentegaiari deitu ziola telefonoz, honek berriro Espainiako hauteskundeak irabazi ondoren, eta biak "elkar ulertzera behartuta" daudela uste du. "Agenda zabalik dago, eta posible da akordioa lortzea", adierazi du Ibarretxek gaur Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. "Guk behintzat, nahi dugu akordioa".
Ibarretxek joan den irailaren 28an Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako galdeketa proposamena aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean. Ekaina baino lehen Espainiako presidentearekin akordiora heldu nahi du -Zapatero izango da atzera presidente-, eta ekainean gaia Eusko Legebiltzarrera eramango du, akordioaz edo akordio ezaz hitz egiteko. Honek ez badio balekorik ematen, hauteskundeak deituko lituzke. Urriaren 25ean egin nahi du galdeketa Ibarretxek. "Norabide horretan egingo dut lan hurrengo hilabeteetan", esan du gaur.
"2008a desblokeo politikoaren urtea izango da", uste du Jaurlaritzako lehendakariak. "Beraz, bakea lortzeko, akordio politikoen, eta Euskadi eta Espainiaren arteko bizikidetzaren urtea izango da, gobernatzen segitzeko urtea".
Politika
Ibarretxek dio Zapatero eta biak "elkar ulertzera behartuta" daudela
"2008a desblokeo politikoaren urtea izango da", uste du Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, "posible baita akordioa lortzea". Orain arteko norabidean segituko duela berretsi du gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu