"Lasai erantzun ditut epailearen aurrean galderak, nire kontzientzia garbi dudalako, ez dut ezer ezkutatzeko. Egin beharrekoa egin dut orain arte eta hala egingo dut gero ere. Eta lehendakariari egin dioten hau, astakeria da", esan du Juan Jose Ibarretxek Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 13:00etan egin duen agerraldi instituzionalean, Gasteizen. Goizean EAEko Auzitegi Nagusian epailearen galdera denak erantzun ditu, Bilbon, baina ez Ermuko Foroarenak, "elkarte hori ez delako ari elkarbizitza eraiki nahian, suntsitu nahian baizik". Auzia artxibatzea espero duela esan du.
Epailearen galdera denak erantzuteaz gain, hari "hiru ekarpen" egin dizkiola esan du Ibarretxek:
1. "Nire hitza eman nion gizarteari sentsibilitate politiko denekin hitz egingo dudala, alderdi politiko denekin. Gizartearekin ere bai. Arazo politikoa, euskal gatazka politikoa konpontzeko. Bi idatzi eman dizkiot epaileari: Jaurlaritzako koalizio hitzarmena eta nire inbestiduran eman nuen hitzaldia. Herritarrei emandako hitza betetzen ari naizela esan diot".
2. "Epaileari esan diot lehen hitz egin izan dudala Batasunarekin ere, ari naizela hizketan eta gero ere hitz egingo dudala. Elkarrizketa mantenduko dut, bakea lantzeko eta lortzeko, eta normalizazio politikoa lantzeko eta lortzeko"
3. "Prozedura judizial honekin, politika egiteko lehendakariaren oinarrizko eskubideak murrizten dira. Kontrol polikoa egin behar didatela? Bai, ondo, baina Eusko Legebiltzarrean, ez egoitza judizialean.Bitxia da: Espainiako Gobernuko eta hango alderdiko kideek Batasunarekin hitz egin dute baina hori 'nahasmendua' da. Lehendakariak hitz egiten badu, aldiz, delitua da".
Ibarretxeren ustez, "herri zoro batean gertatzen da gauzak konpontzeko elkarrizketa egiteagatik norbait auzipetzea. Astakeria, baita juridikoa ere".
Ibarretxek epaileari esan dio segitu egingo duela Batasunarekin hitz egiten
Eusko Jaurlaritzako lehendakariak goizean deklaratu du EAEko Auzitegi Nagusian, "lasai", eta 13:00ean agerraldi instituzionala egin du Gasteizen, Lehendakaritzan. Epaileari esan dio alderdi denekin hitz egin duela, ari dela hitz egiten eta gero ere hitz egingo duela, "baita Batasunarekin ere". "Izan ere, herritarrei hitz hori eman nien, denekin hitz egingo dudala, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko". Ermuko Foroaren galderak ez ditu erantzun auzitegian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu