Politika

Ibarretxek gaur sinatu du galdeketaren aldeko agiria

Bi aldiz atzeratu du izenpetze agerraldia. Eusko Jaurlaritzako sailburuek ere sinatu dute EAJ, EA, EB eta Aralarren idatzia, "oinarrizko eskubideak urratu" dizkielakoan Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren debekuak. EAJk igandean Alderdi Egunean sinadurak biltzeko asmoa du, "ehun mila lagun egongo direlako".

2008ko irailaren 24a
14:45
Entzun
Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak azkenean gaur sinatu du galdeketaren aldeko agiria, Lehendakaritzan, Gasteizen. Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren debekuak "oinarrizko eskubideak urratu" dizkiola esan du Ibarretxek, eta dei egin die herritarrei idatzia sinatzeko, "eurei ere urratu dizkiela pentsatzen badute".

Hasiera batean hilaren 16an zen sinatzekoa, baina argitu gabeko arrazoiengatik atzeratu egin zuen. Ondoren, iragan astelehenean zen izenpetzekoa, baina Santoñako (Espainia) atentatuagatik atzeratzea erabaki zuen. Jaurlaritzako kontseilariek ere sinatu dute agiria gaur.

EAJ, EA, EB eta Aralarrek "Euskadin" bakea eta normalkuntza politikoa lortzeko galdeketa beharrezkoa dela diote idatzian, eta "hurrengo hilabeteetan Europa eta nazioarte mailako foroetan ekimenak eta demandak" aurkeztuko dituztela jakinarazi dute. Ez dute zehaztu, beraz, Europa Batasuneko Giza Eskubideen Auzitegian Espainiako Estatuaren kontrako salaketa jarriko duten. Ibarretxek hala iragarri zuen irailaren hasieran, "pentsatzeko, adierazteko eta elkartzeko eskubideak urratzeagatik" (EAJ, EA eta EBk osatzen dute Jaurlaritza). Gaur, aldiz, alderdien jarrera "egokiagoa" dela esan du Jaurlaritzako lehendakariak.

Ibarretxeren iritziz, gizarteak galdeketaren bidez ETAri esango balio indarkeria uzteko, horrek erakunde armatuaren "heriotza" ekarriko luke.

Eusko Legebiltzarrak 2008ko ekainaren 27an onartu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsulta egiteko Galdeketaren Legea (gehiengoa osoa lortzeko, EAJ, EA, EB eta Aralarren botoak ez ezik, EHAK-ko batena ere jaso zuen legeak), eta duela bi aste Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuen. Aurtengo urriaren 25ean egitea egin nahi zuten galdeketa.

EAk igandean Laudion (Araba) Alkartasun Eguna ospatu zuen eta agiria sinatu zuten euren militanteek. Besteak beste, Begoña Errazti EAko presidente izandakoak eta Carlos Garaikoetxea EAko eta Jaurlaritzako lehendakari ohiak.

EAJk, berriz, igande honetan egingo du Alderdi Eguna, Gasteizen (Forondan), eta sinadurak biltzeko asmoa du. "Une egokia izango da, ehun mila lagun egongo direlako", esan du gaur Belen Greaves EAJko EBBko idazkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.