Politika

Ibarretxek gutuna bidali dio Zapaterori, "elkarrizketarako borondatea" berresteko

Halaber, Espainiako gobernuburuari "lanerako agiri irekia" igorriko diola aurreratu du Jaurlaritzako lehendakariak, "bake eta elkarbizitza prozesua sendotzeko". Akordioa posible dela uste du Ibarretxek.

2008ko maiatzaren 7a
15:32
Entzun
Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gutuna bidali dio Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari, "elkarrizketarako borondatea" berresteko eta akordioa posible dela adierazteko.

Azken egunetan behin baino gehiagotan eskatu dio bilera Ibarretxek Zapaterori; atzo bertan Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak egin zuen keinu hori. Zapaterok, berriz, Ibarretxerekin batzarra egiteko prest dagoela esan du, baina agenda arazoak aipatuta ez du datarik jarri oraindik.

Ekainaren 27an proposamena egin behar du Ibarretxek Eusko Legebiltzarrean, eta ordurako Espainiako gobernuburuarekin negoziatuko duela eta akordioa lortzen saiatuko dela jasotzen da lehendakariaren bide orrian.

Jaurlaritzako iturriek aurreratu dutenez, akordioa posible dela adierazten dio Ibarretxek eskutitzean. Halaber, aurreratzen dio "lanerako agiri irekia" bidaliko diola, bakea eta normalizazioa lortze aldera "indar politikoen arteko elkarrizketa bidea egituratzeko".

Biak urriaren 16an elkartu ziren, Madrilen, Moncloan. "Denbora pasatu da harrezkero, baita martxoaren 9ko [Espainiako] hauteskundeak ere, eta, nire agenda zabalik dagoela dakizun arren, inolako akordiorik ez dugu lortu", esan du Jaurlaritzako lehendakariak.

Galdeketarako pausoak

Ibarretxek 2008ko urriaren 25ean herri galdeketa egin nahi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iazko irailaren 28an Eusko Legebiltzarrean jakinarazi zuenez. Ekainerako Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu gura du, baina Zapaterok behin eta berriro jakinarazi du ez duela Ibarretxeren proposamenak aurrera irtengo, "abentura" delako.

Lehendakariak bi irizpidetan oinarrituta lortu nahi du akordioa: “Indarkeriari uko egin eta euskal gizartearen nahia errespetatu”. Espainiarekin akordioa lortu edo ez, Ibarretxe ekainean Eusko Legebiltzarrera joango da: akordioa berresteko edo galdeketa deitzeko. Hor ez badu gehiengoaren babesik jasotzen, EAEko hauteskundeak deituko ditu. Galdeketaren ondoren, alderdi politikoen artean akordio politiko lortzeko fasea abiatuko litzateke, "inolako bazterkeriarik gabe". "Prozesuari amaiera emateko", 2010eko bigarren sei-hilekoan erreferendum "erabakigarria" egitea proposatu du Jaurlaritzako lehendakariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.