Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi (1999-2009) eta EAJko kidea asteazkenean Nazio Batuen Erakundera (NBE) Mendebaldeko Saharari buruz hitz egitera joan zen, eta aukera Euskal Herriaz hitz egiteko ere baliatu zuen, aldarrikapenak egiteko. "Nire herriko lehendakariak inoiz hemen zuen aurrean hitz egin eta nire herria Nazio Batuetan sartzeko eskaera formala egiteko itxaropenarekin etorri naiz", esan zuen Ibarretxek, New Yorken —Palestina izan da azkena hori eskatzen, joan den irailaren 23an—.
Espainiako Estatuak Euskal Herriarekiko "jarrera ez-demokratikoa" daukala salatu zuen Ibarretxek, "euskal erakundeek herritarrei galdetzea debekatzen baitu". Ondorioz, Erabaki eskubidea aldarrikatu zuen. Ibarretxe bera lehendakari zela, Eusko Legebiltzarraren gehiengoak balekoa eman eta 2008ko urriaren 25ean EAEn galdeketa egin nahi izan zuen, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekua eman zuen.
Asteazkenean lau minutuko tartea izan zuen Deskolonizaziorako Batzar Nagusiaren Batzordearen aurrean mintzatzeko. Euskaraz hasi zuen hitzaldia —"munduko hizkuntzarik zaharrenetakoa da"—.
Patxi Lopezek (PSE-EE) Jaurlaritzako lehendakari kargua hartu zuen egunean politika utzi zuela jakinarazi zuen Ibarretxek —2009ko maiatzaren 5ean—.