Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzaren lehendakariaren abokatuek, hari egingo dioten epaiketan, Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE) Espainiako Gobernuaren presidenteak eta Jose Maria Aznar (PP) Espainiaren gobernuburu ohiak deklaratzea nahi dute, gaur Miren Azkarate Jaurlaritzaren bozeramaileak esan duenez.
"Felipe Gonzalezek ETArekin eta Batasunarekin hitz egin zuen. Aznarrek ETArekin eta Batasunarekin hitz egin zuen. Jose Luis Rodriguez Zapaterok ETArekin eta Batasunarekin hitz egin du, zehatz-mehatz lehendakariak egin duen abagune berean, eta inork ez du inoiz delitu bat egin zutela estimatu", adierazi du Azkaratek aipatutako politikari horiek zergatik deitu nahi dituzten deklaratzera azaltzeko.
Arrazoi bertsuengatik, defentsak beste hamalau lagun ere nahi ditu lekuko gisa. Haien artean daude Alfredo Perez Rubalcaba (PSOE) Espainiako Gobernuaren Barne ministroa, Jaime Mayor Oreja (PP) Espainiako Gobernuaren Barne ministro ohia eta eurodiputatua, Josu Jon Imaz EAJren EBBren presidentea, Begoña Errazti EAren lehendakaria, Javier Madrazo EBren koordinatzaile nagusia eta Jesus Egiguren PSE-EEren presidentea.
Bihar eramango du Ibarretxeren defentsak proposamena EAEko Auzitegi Nagusira, Bilbora. Han egingo diote Jaurlaritzaren buruari epaiketa, iaz Batasuna legez kanpoko alderdiarekin bilera egiteagatik. Auzitegiak abokatuek emandako izenak onartuko balituzte, epaiketan denek Bilbora joan beharko luete deklaratzera, Zapaterok izan ezik, Espainiaren gobernuburu izateagatik -Madrilen deklaratuko luke-.
Auzi berean epaituko dituzte Patxi Lopez eta Rodolfo Ares PSE-EEren zuzendaritzakideak, eta Arnaldo Otegi, Juan Joxe Petrikorena, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria eta Olatz Dañobeitia Batasunaren zuzendaritzakideak.
Ibarretxeren kontrako auzia
Ibarretxeren defentsak epaiketan Zapaterok eta Aznarrek lekuko gisa deklara dezatela nahi du
Jaurlaritzaren lehendakariaren abokatuek beste hamalau lagun ere nahiko lituzkete: Rubalcaba, Mayor Oreja, Imaz, Errazti, Madrazo eta Egiguren, besteak beste. EAEko Auzitegi Nagusiari dagokio proposamena onartzea edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu