Astelehenean izango da Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren aldeko manifestazioa, Bilbon, eta gaur aurkeztu dute ekimena EAJk, EAk, EB-Berdeek eta Aralarrek. Iaz Batasuneko kideekin biltzeagatik dago auzipetuta Ibarretxe eta hilaren 31n EAEko Auzitegi Nagusian deklaratu beharko du, Bilbon. Gaur lau alderdi horietako kideek eman duten porentsaurrean, auzia "berehala artxibatzea" eskatu dute.
Ibarretxeri elkartasuna adierazteaz gain, ekimenaren helburua "demokraziarekin, elkarrizketarekin, askatasunarekin, Zuzenbide Estatuaren oinarriekin eta politikarekin konpromisoa erakustea da".
EAJ, EA, EB-Berdeak eta Aralarren ustez, "politika gero eta gehiago dago judizializatuta, lehendakaria kriminalizatzeraino" eta hori gogor salatu dute. "Lehendakariak bakearen alde egiteagatik hitz egiten du, eta hura horregatik inputatzea, errespetu instituzionalik ez izatea da eta hark ordezkatzen duen euskal gizartearen kontrako erasoa ere bai". Ondorioz, "Justizia politizatua" dagoela esan dute.
Gure erakundeen alde izango du leloa manifestazioak, eta 19:30ean hasiko da, Carlton Hotelaren aurrean -Eusko Jaurlaritzaren lehen egoitza izan zen, Espainiako Gerra garaian-. Kale Nagusitik joan ostean, Arriaga Antzokiaren aurrean bukatuko da. Bertan, Jose Antonio Ardanza eta Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiek idatzia irakurriko dute.
Ibarretxek deklaratu baino egun bat lehenago, gauza bera egin beharko dute harekin bildu ziren Batasuneko kideek, Auzitegi Nagusian bertan: Arnaldo Otegik, Pernando Barrenak eta Juan Joxe Petrikorenak.
EAJ eta EAren Udalbiltzaren atxikimendua
EAJren eta EAren Udalbiltzak bat egin du manifestazioarekin, eta Ibarretxe auzipetzea salatu du. "Elkarrizketa da bakea eta normalizazio politikoa lortzeko tresna demokratiko oinarri-oinarrizkoena", esan du gaur Julian Eizmendi Udalbiltzako lehendakariak Azpeitian emandako prentsaurrekoan.
Politika
Ibarretxeren kontrako auzia "berehala artxibatzeko" eskatu dute EAJk, EAk, EBk eta Aralarrek
Justizia "politizatua" dagoela salatu dute. Manifestazioa astelehen arratsaldean izango da, Bilbon, 'Gure erakundeen alde' lelopean. Bukaeran Ardanza eta Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiek idatzia irakurriko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu