Atutxaren iduriko legebiltzarkide bakoitzak bere irizpideen arabera eta herri borondatearen ordezkaritzan bozkatzen du, eta, beraz, "Legebiltzarreko parte-hartzean ez dago botoaren zilegitasunean diferentziarik", esan du Atutxak. Ildo horretatik, SAren botoak beste edozein talderenak "bezain baliagarri eta zilegi" direla erantsi du.
Horrez gain, ETA ahul dagoela adierazi du Eusko Legebiltzarreko presidenteak Radio Euskadin, eta hainbat faktorek eragin dutela ahuldade hori; besteak beste, Batasunaren ilegalizazioak eragina izan duela iradoki du. "Zirkustantzia askok eragin dute. Haien artean, leged aldaketak bere eragina izan du, eta onartu behar da", esan du. Frantziaren presio poliziala eta M-11ko sarraskiak gizartean utzitako arrastoa aipatu ditu ETAri kalte egin dioten beste arrazoien artean. Hala ere, nahi izanez gero, ETAk hilketak egin ditzakela uste du Atutxak: "berriro ere herri honi sufriaraziko diola uste dut", azpimarratu du.
Jaurlaritzaren Estatutu proposamena dela-eta PSE-EEk hartu duen jarrera kritikatu du Atutxak. Hain zuzen ere, sozialistek beren Estatutu erreforma proiektua Eusko Legebiltzarrean aurkeztu beharko luketela uste du, eta gaizki iruditzen zaio halakorik ez egitea. "Nahiago dute komunikabideetan aurkeztu, hartara kanpaina egiteko", salatu du.
Politika
Ibarretxeren Plana onartzeko SAren botoak beste edonorenak bezain "zilegiak" direla uste du Atutxak
Eusko Jaurlaritzaren Estatutu proposamena (Ibarretxeren Plana ere esaten zaio) Eusko Legebiltzarrean aurrera ateratzeko SA Sozialista Abertzaleak taldearen botoak beste edozein talderenak bezain "zilegiak" direla adierazi du gaur Juan Mari Atutxa Legebiltzarreko presidenteak. Radio Euskadin egin diote elkarrizketa Atutxari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu